Egungo erronkak aztertu dituzte 39. Circom biltzarrean

Danimarkako TV2 Nord kateak jaso du Gran Prix saria, Donostian. Ukrainako 'Hromdaske' hedabideko bi kazetarik hitzaldia eman dute

Aliona Nevmerzhitska, Victoria Beha eta Mikel Reparaz, atzo, Donostian. ETB.
urtzi urkizu
Donostia
2023ko ekainaren 3a
00:00
Entzun
Europako Zerbitzu Publikoko Eskualde Hedabideen 39. Biltzarra egin dute bi egunez, Donostian. Circom elkarteko bazkideak elkartzeko balio izan du, askotariko gaiez hitz egiteko, eta horrez gain, 2023koCircom sariak banatu dituzte. Gran Prix sari nagusia Danimarkako TV2 kateko Stand up med Tourettes programari eman diote. Ostegun arratsaldean egin zuten sariak banatzeko ekitaldia, Tabakaleran, Nerea Reparaz ETBko kazetaria aurkezle zela.

Ekitaldian, Kukai dantza taldeak eta Neomak musika taldeak parte hartu zuten. Ikerketa kazetaritzako saria Irlandako TG4 kateak eraman zuen; Entretenimendua eta Drama kategoriakoa Galiziako TVGko Motel Valkirias telesailarentzat izan zen; dokumentalik onenaren saria Poloniako Nam nie wolno bylo plakac lanak (TVP3 Krakow) jaso zuen; eta Kataluniako telebista publikoko InfoK Especial Tutankhamon lana izendatu zutensaiorik originalena eta berritzaileena. Sari bana jaso zutenSuediako SVTk, Herbehereetako Omrop Fryslan-ek, Errumaniako TVR Cluj kateak, Frantziako France3k eta Errumaniako TVR Timisoarak ere.

Ukrainako kazetarien lana

EITB taldea izan da Circomen 39. biltzarraren anfitrioia. Eta Donostiako Kursaalean emandako hitzaldien artean, Unai Iparragirre ETBko zuzendariak euskal gizartearentzat balioa sortu duten egitasmoez hitz egin zuen.

Atzo goizean, bestalde, Ukrainako Hromdaske hedabideko ordezkariek eman zuten hitzaldia. Kursaalean bertan ziren Aliona Nevmerzhitska zuzendaria eta Victoria Beha editore burua, Mikel Reparaz ETBko kazetariak gidatuta. Duela hamar urte sortu zuten hedabide hori, eta, azkenaldian, haien hartzaile kopuruak gorantz egin du. Nevmerzhitskak azaldu zuenez, Youtuben hilero 15-20 milioi bisita inguru dituzte; miloi bat jarraitzaile dituzte Twitterren, eta beste hainbeste Facebooken. «Gure bideoek inpaktua eragiten dute gizartean», esan zuen hedabidearen zuzendariak.

Max Levin argazkilaria gogoan izan zuen Nevmerzhitskak. Argazkilari horrek Hromdaske-rentzat eta beste hedabide batzuentzat lan egiten zuen, eta Errusiako tropek hil zuten iazko martxoan. Beha hunkituta mintzatu zen, era berean, gerran hil diren kazetarien inguruan. «Gerrako giza tragedia eta kostua dokumentatzen ari gara». Eta nabarmendu zuen kazetarien lanaren garrantzia agerian gelditzen ari dela.

Kievetik bideokonferentzia bidez mintzatu ziren hedabide bereko Oleksandr Holmakoi eta Oleksandr Nazarok. Aipatu zuten algoritmoen faktoreak ere eragina izaten duela haien lana zabaltzeko orduan. «Edonola ere, milioika jarraitzaile batu dira azkeneko urtean gure edukiak ikustera, Ukrainan zer gertatzen ari den jakiteko», adierazi zuen Holmakoik. Ukrainerazko eduki guztiak ingelesezko azpidatziekin zabaltzen dituzte.

Biltzarreko azken hitzaldian, Ida Anna Haugen Norvegiako telebista publikoko estrategia arduradunak hitz egin zuen. Arrakastarako gako batzuk aipatu zituen, hala nola egitasmoen hasieran baliabideak jartzea, esploratzeko askatasuna izatea eta formatu berriekin esperimentatzea. Estrategiaren oinarrian, bestalde, «itxaropena» jarri zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.