Ezaguna da Iñigo Vicens prestatzaile fisikoa (Ondarroa, Bizkaia, 1984) ETB1eko ikusleentzat, Gure kasa saioko kolaboratzaileetako bat baita. Orain, gainera, ETB1eko Adinberri saioa ere aurkezten du, Zuriñe Hidalgorekin: adinekoentzat pentsatutako saioa da, «osasun fisikoa eta emozionala lantzeko». Vicens ariketa fisikoez arduratzen da, eta Hidalgo, berriz, mindfulness-az edo meditazioaz.
Astelehenetik ostiralera emango dute programa, 11:00etan, ETB1en eta eitb.eus-en. Ordu erdiko iraupena du, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak ekoitzi du. 25 programa izango dira apirilean eta maiatzean.
Noiztik zara kirol prestatzailea?
Lesio baten eraginez, berriro ere ikasketei ekin nien, eta kirola dut lanbide duela hamahiru urte ingurutik. Jendea prestatzen dut. Markinako kiroldegian [Bizkaia] lan egin dut, Ondarroakoan... Orain buru-belarri sartuta nago crossfit eta antzeko proiektuetan.
Goi mailako kirolariak ere entrenatzen al dituzu?
Goi mailako jendea entrenatu izan dut, baina, jende arruntarekin daukadan lan guztiarekin, ezin naiz zentratu banakako entrenamenduetan; ez daukat denborarik. Talde entrenamenduak egiten ditut, kalekoak; Bilboko Basati Crossfiteko bazkidea naiz... Orain Internet bidez eskaintzen ditugu entrenamenduak.
Baduzu eskarmenturik adinekoen kirol prestakuntzan? Normalean kirol gehiago egiten duen jendearekin aritzen zara.
Bai, egin izan dut. Kiroldegi batean lan egin dut, eta kiroldegietara era guztietako jendea joaten da, baita, jakina, edadetuak ere. Egia da ez dudala egin, ez telebistan eta ez telebistatik kanpo, haientzako klaserik.
Athlon Kirol Medikuntzaren eta Euskal Herriko Unibertsitatearen aholkularitza du saioak. Zer irizpide ezarri dizkizute?
Oinarri bati eutsi nahi diogu, hiru ardatz aintzat hartuta: erresistentzia, indarra eta koordinazioa, malgutasuna barne.
Ohikoa da edadetuak oinez edo bizikletan ibiltzen ikustea. Ez hainbeste indar ariketak eta bestelakoak egiten ikustea.
Askotan erresistentzia lantzen dute, oinez ibiltzeko aukerak dituzte, baina egia da indarra baztertu egiten dutela. Eta ez dago koordinaziorik indarrik gabe.
Lehen saioan dezente landu duzu oreka.
Adinaren poderioz, oreka galduz joaten gara. Makalduz joaten gara, eta, errendimendu horri makaltzen uzten baldin badiogu, dena galtzen dugu: oreka, malgutasuna, indarra... Egunero erne eutsi behar diegu garunari eta gorputzari.
Lehen saioko ariketak nahiko estatikoak izan dira. Zerbait dinamikoagoa nahi duenak eta aukera daukanak etxean oinez ibili behar du?
Ariketa aerobikoa egin nahi duenak aukera dauka korridoreetan, balkoietan eta terrazetan egiteko. Ahal dela, goizetik aktibatu behar dira giharrak, ariketekin; gero, arratsaldean, beste hogei minutuan gorputza oinez aurrera eta atzera ibiltzen baldin badugu, lekualdatze ariketak egiteko, bikain. Arratsaldea ez dadila izan eserita egoteko garaia.
Atentzioa ematen du halako programa bat itxialdian sortzeak. ETBk funtzio publikoa bete behar duela aintzat hartuta, ez litzateke urte osoan eskaini behar?
Bai. Egoerak eraman gaitu horretaz konturatzera. Kirola egitea boladan dago; lehen kirola egiten ez zuenak ere, orain bere burua behartuta ikusten du kirola egitera. Azkenean, denon bizitza moteldu egin baita, eta guztiok moteldu baikara. Halako programa bati eutsi egin beharko litzaioke, batez ere edadetuei begira.
Itxialdiarekin, Interneten asko ugaritu dira ariketen bideoak. Hala ere, oso gutxik hartzen dituzte aintzat edadetuak. Horretan ere ahaztuta daude?
Bai, eta horietako asko urte guztian egoten dira horrela. Horregatik, proiektu hau aberasgarria da.
Ariketak gero eta zailagoak izango al dira?
Ariketak hobetuz joango dira, uste baitugu jendeak jarraituko diela. Beti izango dute oinarri bat, baina aukera egongo da errazago edo zailago egiteko.
Iñigo Vicens. ETB1eko 'Adinberri' saioaren aurkezleetako bat
«Egunero erne eutsi behar diegu garunari eta gorputzari»
ETB1ek programa berritzaile bat abiatu berri du itxialdian: Adinberri, batez ere edadetuentzat egina, etxean gorputza eta garuna lantzeko. Vicensek uste du gero ere egin beharko litzatekeela programa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu