Egunean Behin-en ostean, Tagzania

Euskal Herriko eta munduko tokiak mapa batean identifikatu behar dira joko berrian. Egunean behin jokatzeko da, sakelako telefonoan.

Sakelako telefonoetarako Tagzania joko berria. CODESYNTAX
Sakelako telefonoetarako Tagzania joko berria. CODESYNTAX
urtzi urkizu
2025eko martxoaren 24a
12:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Egunean Behin jokoaren arrakasta eredua errepikatu nahian, Eibarko (Gipuzkoa) CodeSyntax enpresak Tagzania jokoa garatu du sakelako telefonoetarako. Eguneroko erronka bat planteatzen du aplikazio berriak: Euskal Herriko eta munduko tokiak identifikatzea mapa batean. 

Jokoaren funtsa da Euskal Herriko eta munduko tokiak, irudi mugikorrez erakutsiak, mapa batean identifikatzea. Irudiak panoramikoak dira, eta ikuspegia mugitu dezake jokalariak, baita bideetan aurrera eta atzera egin ere. Geoguessr edo Openguessr bezalako mapa jokoen antza du Tagzaniak. «Baina edukia zaindu egin da: errepide galduak izan beharrean, Euskal Herriko eta munduko toki esanguratsuak dira Tagzanian erakusten direnak: Wikipediako datu libreak berrerabili dira tokiak identifikatzeko, eta emaitza ikustean, erabiltzaileak eskura izango du euskarazko Wikipediako esteka, toki bakoitzaz gehiago jakiteko», azaldu dute jokoaren sortzaileek.

Puntuak lortzen dira gertutasunaren eta azkartasunaren arabera, eta horrekin sailkapenak osatzen dira: egunekoa, astekoa eta hilabetekoa, orokorki zein taldeka. «Saririk ez dago, oraingoz. Espero dugu sailkapenetan agertzeko irrika izatea bultzagarri, bereziki talde pertsonalizatuetan», gaineratu dute CodeSyntax-ekoek Sustatu atarian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.