'Egunean Behin'-en final handia, gaur, ETB1en eta aldi berean

'Biba Egunean Behin' saioan emango dute finala, 21:15ean. Edonork jokatu ahal izango du

Maddalen Arzallusek eta Xabier Sukiak aurkeztuko dute saioa. BERRIA.
Olatz Esteban Ezkati.
2021eko uztailaren 15a
00:00
Entzun
Telefonoetako pantailetatik etxeetako pantaila handira jauzi egingo du Egunean Behin jokoak. Zazpigarren denboraldia amaitu berritan, azken partidak jokatzeko aukera izango da gaur, 21:15etik aurrera, ETB1en. Biba Egunean Behin saio berezia aurkeztuko dute Maddalen Arzallusek eta Xabier Sukiak, eta bertatik zuzenean emango dute final handia. Lehia irekia izango da, edonork izango baitu bere etxetik jokatzeko aukera. Nobedade batekin datoz gainera azken partidak: hamar galderak berberak izango dira jokalari guztientzat.

Lau txanda izango dira jokoan. Lehen hiru txandak orokorrak izango dira, eta aplikazioa duen pertsona orok izango du galderak erantzuteko parada, betiko formatu berberarekin: hamar galdera ahalik eta azkarren erantzutea izango da helburua. Laugarren partida, berriz, azken finala izango da, eta aurreko hiru partidetan puntu gehien eskuratu dituzten hogei lagunak soilik sailkatuko dira. Haiekin batera ariko dira lehian Leire Arrizabalaga eta Jon Iraola Egunean Behin-eko azken irabazleak ere.

«Erronka tekniko handia» izango da azken finala Codesyntaxeko lantaldearentzat, zaila baita jakiten zenbat lagun ariko diren aldi berean partida jokatzen. Luistxo Fernandezen esanetan, esperientzia berria da guztientzat, eta gogor ari dira prestaketa lanetan, Codesyntax arduratuko baita jokoaren kudeaketaz: «Inguruko telebistetan ez da horrelako aldibereko lehiaketarik ezagutzen, aldi berean telebistatik eta etxean joka daitekeena». Aurreikuspenak egitea zaila zaien arren, saioak metrika jakin bat izango du, eta jakin ahal izango dute zenbat lagun ari diren saioa ikusten eta partidak jokatzen.

Gonbidatu bereziak

Egunean Behin-eko irabazleez gain, platotik zuzenean eta etxeko jokalariekin batera galderak erantzuten ariko dira hiru bikote gonbidatu berezi: Antton Telleria eta Ainhoa Vitoria Gaztea irratiko kazetariak; Mikel Perez El Conquistador del Caribe saioko aurkezlea Klaudia Perez arrebarekin batera; eta Xabier Orbegozo Arria V aizkolaria eta Oihane Mateos kazetaria. Haiek ere izango dute azken finalerako sailkatzeko aukera.

Era berean, jokoaren ohiko dinamikari jarraituz, bi sari banatuko dituzte: bata irabazlearentzat eta bestea zozketa bidez. Azken partidako txapeldunak 2.000 euroko bidaia txartela eskuratuko du, eta zozketakoak, 1.000 eurokoa.

Igandean amaitu zen Egunean behin jokoaren zazpigarren denboraldia, eta gaurkoa sasoi osteko jarraipena izango da, Fernandezen esanetan: «Luzapen bat izango da, denok jokatzeko moduan; luzapen interesgarri bat». Fernandezek dio azken denboraldia «txukun» joan dela. Hamar asteko lehia izan da, eta 75.000 lagun aritu dira uneren batean jokoan; astean 300.000 partida inguru. Denboraldi berriaren esperoan, zaleek gaur izango dute abileziak erakusteko azken aukera. Partida jokatzeko prest?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.