Maddalen Arzallus eta Xabier Sukia. ETB1eko 'Biba zuek!' magazineko aurkezleak

«Egun bateko saioa ez da hutsetik hasten»

Irailean hasi zen 'Biba zuek!', eta aurkezleek badakite uztailaren 2ra arte behintzat iraungo duela. Arratsaldero, askotariko gaiak lantzen saiatzen dira, eta pertsonaia interesgarriekin elkarrizketak egiten.

EITB.
urtzi urkizu
Donostia
2021eko otsailaren 4a
00:00
Entzun
Euskadi Irratian bertsolaritzari buruzko irratsaioa gidatzen aritu zen iaz arte Xabier Sukia (Orio, Gipuzkoa, 1976). Maddalen Arzallusek (Donibane Lohizune, Lapurdi, 1990) Gure kasa saioan ekin zion telebistako bideari; kritika umoretsuz betetako bertsioak egiten jarraitzen du Gaztean.

Ez da oso ohikoa magazin baten aurkezleak bertsotan hastea.

MADDALEN ARZALLUS: Ez, ez da batere ohikoa, baina gure profila hori da. Hasieratik argi genuen bertsoak zati txiki bat izan behar zuela programan.

XABIER SUKIA: Aurkezpeneko bertsoa jolas gisa planteatzen dugu, bertsolaritzari traiziorik egin gabe. Ondo pasatzen dugu egiten. Zortziko txikiko 78 doinu erabili ditugu, eta orain aldatu egin dugu jokoa.

Xabier, nolako aldaketa da zuretzat irratitik telebistarako jauzia?

X.S.: Errusiar mendi batean sartu naizen sentsazioa daukat. Gustura nabil, emozio handikoa izaten ari da, eta bere gorabeherak ditu. Irratian ikasi dut kazetaritza eta esataritza zer diren. Abentura batean hasi naiz orain.

Maddalen, zuretzat ere ez da gauza bera saio bateko atala egitea edo arratsaldero bi orduz aurkezle aritzea, ezta?

M.A.: Ez, ez da gauza bera. Ez naiz hutsetik abiatu, baina zenbait gauzatan, bai. Telebistaren truko batzuk hartuak neuzkan, eta horrek asko laguntzen dit. Baina beste ardura bat sentitzen dut egun saioan gertatzen denaren gainean. Beste pisu bat da.

Lasaitasuna ematen diozue batek besteari?

M.A.: Bai, niri Xabierrek lasaitasuna ematen dit.

X.S.: Niri ere bai Maddalenek; oso-oso langilea da. Lanerako gogoa eragiten dizu horrek: tentsio ona eragiten dit Maddalenek.

Nolakoa da zuentzat laneko egun bat?

M.A.: Egun bateko programa ez da hutsetik hasten, askoz lehenago baizik. Egun berean, lehen zatiko gonbidatuen fitxak hartzen ditugu, eta elkarrizketak prestatzen ditugu; taldeko bilera bat egiten dugu goizean; bazkalostean, gidoi irakurketa bat egiten dugu; bigarren zatiko elkarrizketako galderak gidoilari batek prestatzen ditu, eta hori begiratzen dugu; 17:15ean platora jaisten gara: eta 18:00etatik 20:00etara zuzenean aritzen gara.

Koronabirus garaian sortu da Biba zuek!. Zertan baldintzatu du horrek programa?

X.S.: Saioan jende askok egiten du lan, eta gogoan dut entseguetan genbiltzanean nola metroarekin etortzen ziren. Kezketako bat zen aulki batetik bestera zenbatekoa zen neurria.

M.A.: Teknikoki buruko min asko sortu zizkion taldeari. Programa pentsatu zenean, metro eta erdiko distantzia mantendu behar zen, eta saioa hasi baino astebete lehenago bi metroko distantziaren araua etorri zen. Horrek berekin ekarri zuen platoko antolaketa guztia aldatzea. Bestalde, platora etortzen diren gonbidatu guztiei antigeno proba egiten zaie.

Joan den astean atal berri bat estreinatu zenuten: A ze parea! Zer egingo dute Jokin eta Ander Rodriguezek?

X.S.: Bi anaia biki dira, eta astero erronkak egingo dituzte. Aurrenekoa buruhandiz jantzita bizikleta gainean egin zuten, Eskoriatzan [Gipuzkoa] egiten den moduan. Herri askotan daude erronkak, eta horrelakoak erakustea izango da asmoa.

Atal arrakastatsua bilakatu da Aritz Ganboa artzainarena. Zerdiozue haren ekarpenaz?

M.A.: Ez zituen gauzak edonola egin nahi. Proposatu ziotenean saioan landa eremuari toki bat egin nahi zitzaiola, berak ez zuen klixeetan erori nahi. Ekarpen bat egiteaz gain, eskema batzuk puskatzen saiatu da. Arrakasta handia du ardura handiz hartzen duelako bere ekarpen hori.

X.S.: Ganboa iritsi egin da, baserritarrengana zein kaleko jende gaztearengana.

Gaztean egiten dituzun bertsioen moduko bat Biba zuek! saioari buruz egitekotan, zer doinu hartuko zenuke, Maddalen?

M.A.: Niko Etxarten bat hartu beharko nuke.

Eta Xabier, telebistan bizitzen ari zaren errusiar mendiari zer bertso doinu jarriko zenioke?

X.S.: Hasiera emanda zortziko txiki bat, edo bestela hitza eman eta bederatziko txiki bat. Lehen sasoiak bederatzi hilabete izango dituenez, bederatziko txikia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.