Eli Pagolak eta Mattin Jauregik Lurrari eta lehen sektoreari eskainitako bideopodcast bat egiten dute: Egonarria. 2023ko apirilean estreinatu zuten, bigarren denboraldia iritsi zen gero, eta bihar hirugarren denboraldia abiaraziko dute. Pagolak gehienetan lurrari lotutako aktualitateko gaiak jorratzen ditu, elkarrizketa formatuan; Jauregik, berriz, landa lana egiten du, Euskal Herriko ekoizleen eta laborarien esperientziak bertatik bertara ezagutu eta ezagutaraziz. Argia-ren webgunean eta Bizibaratzea.eus atarian ikusi eta entzun ahalko dira atalak, aurreko bi denboraldietakoak bezala.
Denboraldi berrian, lurraren eta laborantzaren aldeko apustua egin eta horretan ari diren gazteak elkarrizketatuko ditu Jauregik. Bihar, adibidez, Zidernaut proiektuko Txarlo Gesteirarekin egindako elkarrizketa ikusi ahalko da. Bi astean behin egingo dute denboraldi honetan saioa. Hartaz, hurrengoa azaroaren 6an izango da, eta Pagolak Lorea Flores Greenpeaceko Hego Euskal Herriko ordezkariarekin hitz egingo du —batez ere, Getariako (Gipuzkoa) hegalabur haztegiaz arituko dira—.
Lasarte-Orian (Gipuzkoa) grabatzen dute bideopodcasta. Bertara, adituak baino gehiago, «arituak» gonbidatu nahi dituzte: «Lanean eskuak zikintzen dituztenak, laborariak».