Hainbat kontutan dabil Mitxel Elortza irakaslea (Gasteiz, 1988). (H)Itzartu EITB mugimenduko ekintzailea da, eta Aldatu Gidoia Euskararen Alde kanpainan buru-belarri murgildu da. Talde horren lana ez dela larunbatean amaituko argitu du.
Larunbaterako manifestaziora deitu duzue. Zerk eraman du Aldatu Gidoia mugimendua horretara?
Ikus-entzunezko politikak errotik aldatzeko beharrak. Euskarazko ikus-entzunezkoen eskaintza zabal, duin eta erakargarria urgentziaz osatzeko beharra ikusten dugu.
Diagnostiko ezkorra egiten duzue, beraz.
Bai, noski. Argi izpi batzuk badaude, baina ez dira inondik ere nahikoak egun dugun egoera iraultzeko. Uste dugu egoera benetan irauli beharra dagoela. Iaz Primeran iritsi zen, orain Makusi aurkeztu dute. Begi onez ikusten dugu Makusi, baina ikusi beharko da... Primeran asmo onez sortu dute, baina ikusi dugu edukiz hornitzeko orduan eskas gelditu dela. Egiturazko aldaketak behar ditugu, eta horiek ez dira iristen ari.
Egiturazko aldaketek zer jokaleku ekarri beharko lukete?
Aldatu Gidoia iazko irailean aurkeztu genuen. Eta gure aldarrikapenak argiak izan ziren. Bestalde, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen aurretik alderdi politikoengana gerturatu ginen, gure eskaeren inguruan galdetzeko.
Zer erantzun eman zizueten?
Galdetegi bat eman genien ikusteko zenbateraino bat egiten zuten gure aldarrikapenekin. EAJk ez zuen erantzun ere egin.
Eta PSE-EEk?
EH Bilduk, Elkarrekin Podemosek eta Sumarrek konpromiso maila handia agertu zuten. PSE-EEk uste genuen baino erantzun hobea eman zuen, baina kontraesan batzuk ikusi genituen. Adibidez, bikoizketaren alde egin zuten erantzunetan.
Larunbat honetarako deiak babes ugari jaso ditu. Adibidez, Euskalgintzaren Kontseiluak babestu du. Nola baloratzen duzue?
Oso pozik gaude kanpainan jaso ditugun atxikimendu guztiekin. Eragile oso indartsuak daude tartean. Adibidez, Ikastolen Elkarteak eta Euskal Eskola Publikoaren Aldeko Plataformak bat egin dute, eta biak batera euskararen alde jartzea mugarri garrantzitsua da. Beraz, euskarazko ikus-entzunezko beste politika batzuen aldeko eskaerak atxikimendu asko jaso ditu. Hor daude aktoreen, bikoiztaileen eta itzultzaileen elkarteak ere. Espero dugu larunbateko mobilizazioa indartsua izatea.
Mobilizazioaren amaieran ekitaldi bat egingo duzue.
Bai, eta bertan hitzartze oso aberasgarriak izango dira. Aniztasuna islatuko da hitzartze horietan. Izan dadila lehen dei bat laster sortuko den Jaurlaritzari begira.
Nola baloratzen duzu pantailetan euskara zabaltzearen alde lan egiten duten taldeen lana?
Pantailak Euskaraz-ek eta beste talde batzuek sekulako lana egin dute. Lortu dute, gainera, zenbait streaming plataformak pausoak ematea. Hori beraiek egindako lanari esker izan da. Bestetik, (H)Itzartu EITB taldean ikusi genuen falta zela kanpaina bat Jaurlaritzari eta EITBri zuzenean dei eginez, eta horretan hainbat eragilek egin dugu bat. Indarrak batu ditugu.
Baina bidea ez da larunbatean amaituko?
Ez, bidea luzeagoa izango da. Eusko Jaurlaritza berria eratzen denean, eurekin harremanetan aritzeko borondatea dugu. Ikusiko dugu ea benetan norabide aldaketa bat dagoen ala pauso txikiekin jarraitzeko asmoa duten. Zeren gauzak ez doaz ondo, eta hori agerikoa da.
EITBren kasuan badituzue eskaera jakin batzuk.
Bai, esaterako, diru sailaren %75 euskarazko eduki eta programentzat bideratzea. ETBk esan izan du diru kopuru bera bideratzen duela ETB1erako eta ETB2rako, baina egunerokotasunean ikusi da nolako programazioa duen kate batean edo bestean. Hauteskunde gaueko eztabaida saioei begiratzea besterik ez dago.
ETBk esan du asko kostatzen zaiela euskaraz dakiten tertuliakideak aurkitzea.
Borondate falta da hor. Oso jende prestatua eta ona dago horrelako eztabaidetan parte hartzeko. ETB2n sei analista zeuden, eta ETB1en, lau. Benetan ezin dituztela beste bi pertsona aurkitu? Aitzakiatan dabiltza, eta denak ez du balio.
Kritika batzuk ez dituztela ondo hartzen esan izan duzu.
Ulertu behar dute denok txalupa berean arraunean ari garela. Gu etsaitzat hartu beharrean, ikusi beharko lukete zer-nolako mugimendua sortu den euskalgintzan honen alde lan egiteko. Horrek sekulako abagunea irekitzen du gauzak beste modu batean egiteko. Kontuan izan EITB egun euskaldunak erdaraz barra-barra aritzeko komunikabide bat dela, eta hori onartezina da. Zentralitatea euskarazko telebistari eman behar zaio, eta gaztelaniazko edukiak berriro planteatu behar dira. Errotik aldatzeko gauza asko daude.
Euskarazko bikoizketarekin ere kezkatuta zaudete?
Bai, egoera oso-oso txarra da. Eskatzen dugu urtean 1.500 orduko zenbakira itzultzea. Oso urrun gaude horretatik. Ez dakigu zer arazo dituzten Eusko Jaurlaritzan euskarazko bikoizketaren alde apusturik ez egiteko. Aldarrikatzen dugu, bestalde, bikoiztaileek lan hitzarmen berri bat izan behar dutela, duina. Mundu horretan lanean ari direnen lan eskubideak bermatu behar dira.