Komunikazioa

«Egindako lanaz harro» itxiko dute 'Le Journal du Pays Basque'

Abenduaren 21ean azken zenbakia kaleratu, eta hamabi urteko ibilbidea etengo du 'Euskal Herriko Kazeta'-k

2001eko urriaren 16an kaleratu zuten lehen zenbakia. Irudian, Hur Gorostiaga zuzendari ohia, 2006an. GAIZKO IROZ.
Adrian Garcia.
2013ko abenduaren 8a
00:00
Entzun
Egunkari bat gutxiago izango da Euskal Herrian abenduaren 21etik aitzina, egun horretan kaleratuko baitu Le Journal du Pays Basque-k azken zenbakia. Atzoko egunkarian eman zuen itxieraren berri Antton Etxeberri kazetako zuzendariak, eta itxieraren arrazoiak azaldu zituen: arazo ekonomikoak eta eragile politikoen boikotak bultzatuta etengo dute hamabi urteko ibilbidea.

2001eko urriaren 16an kaleratu zuen Euskal Herriko Kazeta-k lehen zenbakia. Lehen egunetik tinko eutsi diete euren helburu nagusiari: «Entzunak ez direnenen bozeramailea izatea». Handia izan da urteotan kazetak eginiko ekarpena. «Hemengo eztabaidak azaleratu ditugu, bai politika bai gizarte arloan: ikastolen borroka, abiadura handiko trenaren aurkako mugimendua, Nafarroa Beheretik igaro behar zen autobidea...», azaldu du Etxeberrik. Horri esker, «erreferentzia» bihurtu da argitalpena, eta etekinak eman ditu urte horietako lanak. «Ikuspegi asko aldatzea lortu dugu. Hegoaldeari buruz hitz egitean, Le Pays Basque espagnol aipatzen zen lehen. Orain, berriz, Le Pays Basque sud. Horrelako terminologiak aldatu, eta Euskal Herriaren kontzeptua azaleratu dugu».

Paradoxikoki, inoiz baino irakurle gehiago dituztenean itxiko dute hedabidea. Izan ere, teknologia berriek eta sare sozialek erabat aldatu dituzte irakurketa ohiturak, baita idatzizko prentsarennegozio eredua ere. «Jendeak doan irakurtzeko ohitura hartu du. Hedabide guztiek dute arazo berbera. Ez dugu asmatu nola egin bideragarri Interneten jarraitzeko». Le Journal du Pays Basque-ko edukiak sarean geroz eta gehiago zabaldu ahala, erosleak gutxituz joan dira. «Irakurle izateak ez du esan nahi erosle izatea».

Egun idatzizko prentsak pairatzen duen krisia ez da izan egunkariaren arazo bakarra. Hastapenetik egunkari «independentea» izan dira, eta askotan gogotik ordaindu dute askatasun hori. Proiektu edo hautetsiei buruzko artikulu «kritikoak» ez dira denon gustukoak izan beti. «Pasadizo andana ditut. Hautetsi horiek deitzen zuten publizitatea ukatuko zigutela mehatxatzeko. Guk beti gure bideari jarraitu diogu».Erakundeek ez dute beste egunkarietan bezainbeste publizitaterik sartu: «Askatasun hori sufritu dugu».

Frantziak diru laguntza ugari ematen dizkie hedabideei. Askotan saiatu dira estatuaren publizitatea eskuratzen, baina tamaina txikiarengatik baztertu dituzte beti. «Kazeta handietan ehunka orrialde erosten dituzte, baina gu bezalako egunkari txikiak ahazten dituzte».

Bete beharreko hutsunea

3.000 zenbaki baino gehiago kaleratu ditu Le Journal du Pays Basque-k. «Kazetaritza egiteko moduan hutsune handia izango da». Hutsune hori nolabait bete behar delakoan dago Etxeberri, baina ez du oraindik horretan pentsatu nahi. «Aldi bat itxiko dugu. Zaila da; hamazazpi langile kanporatuak izango dira. Modurik onenean itxi nahi dugu». Ondoren gogoetatuko dute nola bete utzitako hutsunea. «Kazetariak egon behar dira Euskal Herriari eta ahaztuei boza emateko».

Zenbaki berezi batekin agurtuko dituzte irakurleak hilaren 21ean. Doan banatuko dute Euskal Herri osoan. 24 orrialde inguru izango ditu, eta dena koloretan argitaratuko dute. «Atzera begirako ale berezia izango da». Urte horietan guztietan argitalpenak egindako lana azaleratuko dute. «Zein gertakari eta nola landu ditugun erakutsiko dugu. Jendeak oroigarri gisa etxean gordetzeko modukoa izango da».

Langileek egoera «zailak» igaro badituzte ere, urteotan «egindako lanaz harro» daude. «Hamabi urteko esperientzia baikorra izan da, eta baliagarria izango zaigu etorkizunean».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.