Efizientzia handitu nahian

Tokikomek jardunaldiak antolatu ditu Getxon, hamargarren urteurrena ospatzeko. Besteak beste, adimen artifizialak kazetaritzari eskaini ahal dizkion aukerak aztertu dituzte.

Karma Peiro IKTetan espezializatutako kazetaria Tokikomen jardunaldietan, atzo, Getxon (Bizkaia). ARITZ LOIOLA / FOKU.
Olatz Silva Rodrigo.
Getxo
2023ko martxoaren 25a
00:00
Entzun
Ospitaleetan eta zahar etxeetan dauden robotak adimen artifiziala dira. Eta telefonoa pizteko atzamarra ipintzea ere bai. «Adimen artifiziala edonon dago», adierazi du Karma Peiro Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologietan espezializatutako kazetariak. «Eta ez da berria». Izan ere, duela 50 urte hasi ziren teknologia hori erabiltzen. Peirok, hain zuzen, Tokikomek antolatutako ekitaldian parte hartu du. Hamargarren urteurrena ospatzeko, Komunikabideak etorkizuna ehuntzen jardunaldiak antolatu dituzte, Getxoko Olatua gurutzaontzien terminalean (Bizkaia). Adimen artifizialak tokiko kazetaritzari eskaini ahal dizkion aukerei buruz aritu da Peiro.

Baina zer da zehazki adimen artifiziala? Peirok definizio «erraza» eman die entzuleei: «Makinek gizakien pare funtzionatzea eta erreakzionatzea sustatzen duen teknologia». Hori lortzeko, erabakiak modu automatizatuan hartzen dituzten algoritmoak erabiltzen dira. Nahiz eta duela mende erdi sortu, orain «datu masiboak» daude: «Guk geuk etengabe sortzen ditugu gure telefonoaren bitartez». Horrez gain, gaur egun ordenagailuek datu asko prozesatzeko aukera dute.

Edonon dago adimen artifiziala. Beraz, kazetaritzan ere bai. Peirok gako bat eman du: «Aztertu behar dugu nola lagundu gaitzakeen teknologia horrek, eraginkorragoak izateko». Esaterako, adimen artifizialak datu asko iker ditzake «azkar». Eta badira ahotsa testua bihurtzen duten erremintak ere. Adimen artifizialak kazetaria lagundu dezake, baina, «inolaz ere kazetaria ordezkatu». Hain zuzen ere, ChatGPT txatbotaren adibidea jarri du. «Tresna horri berrehun hitzeko iritzi artikulu bat egiteko eskatzen badiozu, egingo dizu». Hala ere, Peirok esan du kontuz ibili behar dela horrelako tresnekin, oraindik ez daudelako prest «testuinguruaren» berri izateko, pertsonek egiten duten bezala: «Kazetariok ondo ezagutzen dugu testuingurua, geure buruari galderak egiten dizkiogu, eta erantzunak bilatzen ditugu; adimen artifizialak agian datu asko izango ditu, baina ez da perfektua».

Eduki berria sor dezake adimen artifizialak; eta albiste bati buruzko txio baten lerroburu onena idatzi. Are gehiago, azalak automatiza ditzake, eta irudiak eta bideoak sortu. «Adimen artifizialak aukera asko eskaintzen dizkio tokiko kazetaritzari». Hala ere, komunikabide bakoitzak jakin behar du nola erabili, teknologiak ez baitu berdin funtzionatzen toki guztietan.

Aukerak ez ezik, arriskuak ere baditu, ordea. Gero eta eduki automatizatu gehiago egongo da, eta, halaber, inoiz baino errazagoa izango da multimedia eduki erakargarriak sortzea. «Gero eta zailagoa izango da jakitea edukia egia edo gezurra den». Horri aurre egiteko, Peirok uste du kazetariek teknologia hurbiletik ezagutzen hasi behar dutela, eta azaltzen. «Teknologia erabili behar da, probetxua atera behar diogu, baina ikusi behar dugu zer probetxu». Kazetariei dei egin die, kritiko izan daitezen eta galderak egin ditzaten aurrerantzean ere, «baita makinei ere».

Lankidetza bide berriak

Tokikomek eta Herrialde Katalanetako tokiko hedabideen bost elkarteek eskaera bat egin diete Espainiako administrazio publikoei: konpromisoa har dezatela publizitate inbertsioetan tokiko eta eskualdeko hedabideak sartzeko. Kritikatu dutenez, komunikabide horiek ekonomia eta osasun krisien ondorioak pairatzen ari dira. «Laguntzak eta publizitatea banatzeko zirkuitu guztietatik kanpo gaude», esan du Francesc Fabregas Eskualdeko Prentsaren Kataluniako Elkarteko presidenteak.

Eskaera hori oinarri hartuta, sei elkarteek manifestua sinatu dute jardunaldietan. «Euskal Herritik kanpo beste komunikabide batzuekin hasiko dugun lankidetzaren bidea erakutsi nahi dizuegu», adierazi du Alaitz Artolazabal Tokikomeko zuzendariak. Oro har, 347 komunikabide batzen dituzte sei elkarteek, eta 6,5 milioi lagunengana iristen dira. 1.296 ordainpeko langile eta 2.213 laguntzaile dituzte.

Maria Reig Valentziako Eskualdeko Prentsaren Elkarteko diruzainak argi utzi du: «Tokiko eta eskualdeko hedabideak funtsezkoak dira demokrazia sozialerako».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.