Loli Astoreka. Aktorea

«Edozein pertsonaia eskainita ere, ez dut beldurrik sentitzen»

ETB1eko 'Eskamak kentzen' telesailean Karmentxuren rola jokatzen du Astorekak, Itxaso protagonistaren (Barbara Goenaga) ama. Astearte eta igande gauetan, ikusle datu txukunak ari da biltzen fikziozko saioa.

urtzi urkizu
2016ko martxoaren 31
00:00
Entzun
Euskarazko telebistaren historian izen propioetako bat da Loli Astorekarena (Zornotza, Bizkaia, 1958). Goenkale-ren aurreneko lau denboraldietan parte hartu zuen. Espainiako kateetako telesailetan ere aritua da: Hospital Central, Policías, El comisario... Antzerkian eta zineman makina bat lan egin du. Azkenaldian, Tanttakaren El Florido Pensil-Neskak antzezlanean ari da, «itzelezko arrakastarekin».

Zer esaten dizute ingurukoek Eskamak kentzen telesailaren inguruan?

Esaten didate gustukoa dutela, eta laburra egiten zaiela. Gehiago nahi dutela diote gehienek.

Zure pertsonaia Karmentxu zorrotza da, eta alabarentzat onena nahi du. Topikoetan sartzen dela esan daiteke?

Ama guztiek bezala, hoberena nahi du alabarentzat, bai. Ez dakit hori hemengo topikoa bakarrik den. Karmentxu zorrotza da alabarekin, baina batez ere bere buruarekin. Alargundu zenetik, aurrera atera behar izan du, amarekin batera. Alabaren itzulerak asko poztu du, baina, aldi berean, ez daki nola berrartu harremana berarekin.

Fikziotik kanpo zu ere zorrotza al zara zeure buruarekin?

Ez. Oso permisiboa naiz. Dena den, konpromiso bat hartzen dudanean, ahalik eta jokabide hoberena izaten ahalegintzen naiz.

Ikusle datu txukunak izaten ari da Eskamak kentzen. Uste duzu izango duzuela aukera atal berriak grabatzeko?

Hori espero dut; hori nahiko nuke. Kalean, behintzat, gelditzen naute telesailarengatik zoriontzeko. Iruzkin asko iristen zaizkit. Baina ikusle datuak nola doazen ez dakit.

Iñigo Lezertuak sare sozial batean esan du telesaila aurrera ateratzeko baldintzak zailak izan zirela. Aurrekontuak oso murriztuta al dabiltza ETBn?

Ziur oso murriztuta daudela. Baina grabaketen sasoian oso gustura ibili nintzela esan dezaket. Lantaldea eta giroa oso ona ziren.

Erakunde publikoek ez al dituzte gutxiegi sustatzen kultura eta ikus-entzunezkoak?

Kultura beti gizarte honetako azken mailan egon da. Baina kulturan sinesten dugunok buru-belarri sartuta jarraitzen dugu, nahiz batzuek zoratuta gaudela esan. Tente gaude, borrokan; hor jarraituko dugu ahal dugun artean.

Mutrikun girotuta daude tramak. Askotariko euskarak entzuten dira. Nola landu da euskara telesailean?

Gidoiak ekartzen zuena erabili dugu. Batik bat, euskara batuan zegoen, baina bizkaieraz ere esaldi eta pertsonaia asko zeuden. Gidoi aldetik lan txukuna egin da.

Goenkale-ko grabaketetan euskara zuzentzaile bat izaten zen beti. Eskamak kentzen-en ez da halakorik egon.

Ez, baina Olatz Beobide telesailaren zuzendariak asko lagundu gaitu, baita Pedro Fuentesek ere. Euskara kontuetan denok gara Jaungoikoa; beti sartzen da akatsen bat, baina beti daukazu baten bat zuzentzeko.

Gaur egun, euskarazko telesail bakarra dago. Ez al da pena bakarra egotea?

Ekoizpen gehiago egon beharko lirateke. Dagoen bakarra aipa dezagun, behintzat, zeren etxekoak gutxiagotzat jotzen baititugu. Eskamak kentzen mimatuta dago, eta zaindu egin behar da. ETB urte askoan kontu berak errepikatzen ibili da, jendea aspertu den arte. Hemengo produktu batekin ikusleak kateatzen badira, asko poztuko gara. Ikusleek etxekotzat jotzen gaituzte, haien egongelara sartzen baikara. Horrek esan nahi du gustura ikusten dutela.

Madrilen ibilitakoa zara beste telesail batzuetan. Hala ere, nahiago izan duzu Bilbon bizitzen gelditu.

Madrilen bi urtez bizi nintzen, baina argi nuen Bilbon bizi nahi nuela. Neure etxea hemen dut finkatuta. Lana ateratzen zaidan tokira joango naiz, baina Euskal Herrian biziz.

Zer pertsonaia gustatuko litzaizuke egitea orain arte egin ez duzuna?

Florido Pensil-Neskak antzezlanarekin eta Eskamak kentzen telesailarekin jarraitzea espero dut. Edozein pertsonaia eskainita ere, ez dut beldurrik sentitzen. Sasoiz ondo nago, eta lan egiteko gogoarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.