2020. urtean izendatu zituzten azkeneko aldiz EITBko administrazio kontseiluko ordezkariak. Eta, legealdi berria hasi zenetik hilabete batzuk pasatu diren arren, Eusko Legebiltzarrak gaur onartu ditu administrazio kontseiluko kide berriak. EAJk honako sei ordezkari hauek izango ditu: Manuel Allende, Imanol Lasa, Garbiñe Mendizabal, Iker Merodio, Jonatan Moreno eta Saioa Zubizarreta. EH Bilduk, berriz, beste honako seiak: Iñaki Altuna, Jon Benito, Itxaso Cuevas, Miren Arantza Gutierrez, Gari Mujika eta Bakartxo Ruiz. Aurreko legealdiarekin alderatuz, EAJk lehen baino ordezkari bat gutxiago du; eta EH Bilduk lehen baino bi gehiago ditu.
PSE-EE alderdiak honako bi ordezkari hauek izango ditu: Vanesa Duran eta Oscar Torres. PP alderdiaren ordezkaria Jose Luis Lopez izango da. Sumar eta Vox alderdiek ez dute ordezkaririk izango.
Sindikatuek txandaka izaten dituzte ordezkariak administrazio kontseiluan. Azken bost urteetan ELAkoa izan da ordezkaria. Datozen urteetan, berriz, UGTko Raul Arza izango da sindikatuen ordezkari bakarra. Kexu azaldu da LAB sindikatua: «LABek ez du onartzen langileok ordezkatuko gaituen sindikatua UGT izatea; hain zuzen, EITBn ordezkaritzarik inoiz izan ez duen sindikatua. Gainera, sindikatu horrek batez ere eremu publikoan euskararen kontra den jarrera du; eta azken asteotan EITB zuzendari ez euskaldunak izendatzen izaten ari den joera kontuan hartzen badugu, erabakia are larriagoa da». Haserrea agertu du ELAk ere, «lehen sindikatua» izanda organotik kanpo utzi dutelako: «UGTk postu horretarako izendatutako pertsona ez da euskalduna», gaineratu du ELAk.
Euskaltzaindiko ordezkaria Adolfo Arejita irakaslea izango da; Eusko Ikaskuntzakoa, Iñaki Zabaleta irakaslea; eta Euskal Herriko Kontsumitzaileen Batasunekoa, Jose Manuel Urkiri.
Hogei ordezkari ditu EITBko administrazio kontseiluak. Aipatutako hemeretzi horietaz gain, Andoni Aldekoa EITBko zuzendari nagusia da hogeigarrena. Datorren asteartean egingo dute administrazio kontseiluko bilera, eta arratsalde horretarako elkarretaratzera deitu dute Aldatu Gidoia mugimenduak eta EITBko ELA, LAB eta ESK sindikatuek, EITBren Bilboko egoitzaren aurrean.