59. Durangoko Azoka egingo dute gaur, bihar, etzi eta etzidamu, eta euskarazko komunikabideen arreta bereganatuko du egunotan. Askotariko edukiak irakurri, entzun eta ikusi ahalko dira azokaren kontuekin eta sortzaileen lanekin lotuak. BERRIAk, paperezko edizioan, jarraipen berezia egingo du, analisiak argitaratuko ditu, eta sortzaile batek beste bati egindako elkarrizketak plazaratuko ditu (Parez pare galdezka). Webgunean, atal berezi bat sortuko dute azokari eskainia. Sare sozialetako jarraipena ere oso zabala izango da. Eta ikus-entzunezkoei dagokienez, askotariko bideo bertikalak zabalduko dituzte.
Gainera, Badok atariaren hamabosgarren urteurrena dela eta, Fauna kantari ari da dokumentala estreinatu dute BERRIAk eta Badok-ek. Gure Musika Fauna egitasmoan parte hartu duten musikarietako hiru dira Miren Narbaiza Mice, Amets Aranguren (Ibil Bedi) eta Odei Barroso. Fauna askotarikoa da, bizia, zentrokoa, ertzetakoa, ibilian dabilena, kantaria, baina aldika eta esparruka oztopoak eta goroldioak biltzen zaizkiona. Aniztasuna, estiloen ugaritasuna, generoa, mainstrem-a eta ertzak, kultur kudeaketak eta beste izan dituzte hizpide erreportaje horretan hiru musikariek, eta euskal musika faunaren nolakotasunen marrazki bat zedarritu dute.
Badok-en eta BERRIAren eskutik hainbat ekitaldi ere izango dira egunotan: gaur, Ahotsenean, irakasleei formakuntza pilulak eskainiko dizkiete Amorantek eta Rafa Ruedak, 11:00etan. Etzi, berriz, Badok-en kontzertu berezia egingo dute Ahotsenean Benizzek eta Odeik, 21:30ean. Hori gutxi ez, eta azokaren playlist ofiziala, musika taldeen berrikuntzekin osatutakoa, Badok-ek egin du. Azokako bozgorailuetan ere kanta zerrenda hori entzungo da.
Larunbatean, halaber, Talaia gunean, 13:00etan, Atef Abu Saifen Gazako egunerokoa liburuaz ariko dira Amagoia Mujika BERRIAko zuzendaria eta Irene Arrarats BERRIAko euskara arduraduna.
BERRIAren agenda, egutegia, Feminizketak liburuxka —Rikardo Arregi saria jaso berri du lan horrek— eta Aleka bildumako liburuak erosi ahalko dira egunkariaren erakusmahaian (Goienkaleko 45. eta 46.ean). Ohiko produktuez gain, erakusmahaian bertan, bi lagunentzako bost egonaldiren zozketan parte hartzeko aukera izango da, Nekaturreko edozein landetxetan trukatzeko.
Zuzeneko saioak Durangotik
EITB taldeak eta beste hainbat hedabidek telebista eta irrati saio bereziak egingo dituzte zuzenean, Durangotik. ETB1eko Egun On saioa eta Biba zuek! magazina azokatik egingo dituzte gaur, zuzenean. Bestalde, Azoka Telebistako lantaldearekin batera, Hartzea ematea da magazina egingo dute: ETB1en formatu laburra emango dute gauero, 23:20an; eta Primeran plataforman osorik ikusi ahalko da. Euskadi Irratiak eta Gazteak ere Durangotik egingo dituzte hainbat saio.
Igandean, Irudienean, ETBko Irabazi arte telesailaren laugarren denboraldiaren lehen aurrestreinaldia egingo dute, 12:00etan. Egun berean, BaDAbil! podcasta zuzenean egingo dute Talaian, 11:00etatik 12:00etara.
Ahotseneko kontzertuak streaming bidez ikusi ahalko dira EITBren webgunean. Baita Youtuben ere.
Hamaika telebista azokan izango da gaurtik igandera arte: alde batetik, elkarrizketak, kale galdeketak eta zuzeneko konexioak egingo dituzte albistegietarako, webgunerako eta sare sozialetarako. Bestetik, Koldo Otamendi Kojo-k erakusmahai propioa izango du, eta musikariak elkarrizketatuko ditu.
Arrosa irrati sarearen Zebrabidea saioa Durangotik egingo dute gaur, bihar eta etzi; Iparraldeko Euskal Irratikoek gidatuko dute gaurko emankizuna. Oihana Azkuek, bestalde, Zebrabidea berezia aurkeztuko du bihar eta etzi. Elkarrizketatuen artean, Uxue Alberdi, Sune, Toti Martinez de Lezea, Pako Aristi, Izaskun Gracia eta Hasier Larretxea izango dituzte.
'Mihiluze' berezia etzi
ETB1eko Mihiluze lehiaketak azoka ardatz izango duen atal berezia emango du larunbatean, 22:30ean. Denboraldi honetan «momenturik onenak» utzi dituzten lehiakideak gonbidatu dituzte. Eta bikote bakoitzak sortzaile bat izango du lagun: Bulego taldeko Tom Lizarazu, Esti Markez abeslaria eta Mikel Pagadizabal umorista, aurkezle eta idazlea ariko dira bikoteei laguntzen. Lehiaketara aplikazioaren bitartez jokatzen dutenek sari berezi bat lortzeko aukera izango dute: Durangoko Azokako nobedadeekin osatutako poltsa bat.