Eztanda egingo du gaur Durangok (Bizkaia). Eztanda Durangoko 57. Azokak. Eta Euskal Herriko komunikabide ugari luze eta zabal arituko dira kultur azokak ematen duenaz. Eduki bereziak ere prestatu dituzte egunotarako.
Berria telebistak, esate baterako, Irlan den isla: sorkuntzaz, sortzaileekin dokumentala estreinatu du. Lan horretan, «irla batean eta urez inguratuta» sentitzen diren sortzaileen hausnarketak jaso dituzte. Dom Campriston, Leire Vargas, Maitane Serrano, Oier Zuñiga eta Gartxot Unsain sortzaileak elkarrizketatu dituzte. BERRIAren webgunean ikus daiteke, baita Youtubeko kanalean ere.
BERRIAko Kultura saileko kazetariak Durangon izango dira egunotan, kronikak, erreportajeak, elkarrizketak eta zutabeak idazten. Gainera, BERRIAren webgunean Ahotsenearen seinalea zuzenean jarraitu ahalko da.
BERRIAk bere produktuak salduko ditu Landakon, Goienkaleko 38. eta 39. standetan: Kurdistango historia eta egungo egoera aztertu eta landu ditu Urtzi Urrutikoetxea kazetariak Kurdistan. Argi bat Ekialde Hurbilean liburuan; bestetik, gaur egungo Amaiurretik (Nafarroa) abiatuta, bertako biztanleen begiradatik eraikitako eta haurrentzako ondutako ipuina da Amaiur —Amaia Elizagoien Varela idazleak eta Begoña Durruty Sukilbide ilustratzaileak ondu dute, eta ostiralean egingo dute aurkezpena, Saguganbara gunean—; eta barrura begirako gogoetak plazaratu dituzte Txakur Gorria kolektiboko sortzaileek Denboraz-Galde erantzunen bilduma liburuan. Urtero bezala, agendak eta egutegiak kaleratuko ditu BERRIAk: Idoia Beratarbide da aurten egutegiaren eta agenden diseinatzailea. Bere diseinuetan asteko eta eguneko ikuspegia egongo da aukeragai. Bestalde, BERRIAk diseinatutako agenda beltza ere egongo da salgai.
Badok musika atariari dagokionez, Durangoko Azokaren playlist ofiziala aurten Badok-en jarri dute lehen aldiz; azokan bertan bozgorailuetatik entzungo den musika zerrenda horretakoa izango da —ehun berrikuntza baino gehiago bildu dituzte—. Gainera, hainbat musikarik QR kode bat jarriko dute standetan, eta kode horren bidez entzun ahal izango da haien disko berriko kantu bat Badok.eus-en.
Hamaikan, egun osoz
Hamaika telebistak, bestetik, gaur hasi eta igandera arte egun osoan emango du Durangoko Azokaren berri. Kultur aktualitatea jasoko dute magazinean eta albistegietan. Era berean, Ahotseneko kontzerturik onenak emango ditu Hamaikak gauetan (22:30): gaur, Goxua'n Salsa, Delirium Tremens, Sua eta Olaia Inziarte; bihar, Willis Drummond, Ines Osinaga eta Rodeo; etzi, Lumi, MICE eta Kokein; larunbatean, Pasadena, Sega Sound Killers eta Odei; eta igandean, Merina Gris eta Arima Soul. Igandean, 16:30ean, Hamaikak Emakume digitalak euskal komunitate digitalean aurkezpena egingo du azokako Talaian.
EITBk, berriz, hainbat aurkezpen eta emankizun egingo ditu Durangon. Landakoren kanpoaldean gune berezi bat jarriko dute, eta argazki saioak egingo dituzte bertan. Ostiralean, hiru programa egingo dituzte gune horretan: ETB1eko Hitzokei, Euskadi Irratiko Kultur Leihoa eta Radio Euskadiko Kultura.eus. Igande gauean, berriz, ETB1ek Dailobit saioaren atal berezia emango du azokaren inguruan.
Durangoko Azokako eskaintzen artean, Euskaltzaindiaren standean, Euskadi Irratiko Faktoria saioan Adolfo Arejitak egindako kolaborazioetan oinarritutako liburu bat egongo da salgai: Faktoriako Geziak. Egungo gizarte kontzeptu berriak euskaraz nola eman aztertzen du lan horretan Arejitak.
EITBk Artxipelagoa fikziozko podcastaren bigarren denboraldia aurkeztuko du etzi, Zugaza aretoan. Astelehenean hasiko dira atal berriak sareratzen.
Bestelako fikziozko podcasta sortu du Naiz irratiak: Labanka-DA!. Bihar hasi eta hurrengo hiru egunetan emango dute. Uxue Razkin editoreak eta Nerea Loiolak idatzi dute gidoia, eta azokan bertan dago girotua: Landakoko erakusmahai batean gorpu bat agertu da. Aurpegia ez zaio ondo ikusten. Ezin jakin editorea, idazlea edo musikaria den. Hamar minutuko lau atalez osatua dago audio fikzioa, eta bi pertsonaia nagusiei Iñigo Asensiok eta Goiuri Ezeizak jarri diete ahotsa. Korima Filmsek eskainitako baliabideen laguntzari esker eraman dute aurrera egitasmoa.
Landakon bertan, beste hedabide batzuek liburu eta lan berriak jarriko dituzte salgai: Argia-k, Zorrotz-ek, Gaztezulo-k...