'Dragoi Bola' eta 'Txakur Patruila' laster iritsiko dira Makusi plataformara

Larunbatean Makusi jaia egin zuten Barakaldon, eta bertan afixa handi bat ageri zen iragarpenarekin.

'Dragoi Bola' saioa. BERRIA
'Dragoi Bola' saioa. BERRIA
urtzi urkizu
2024ko urriaren 14a
14:00
Entzun

Duela aste batzuk, Kataluniako SX3 plataformak iragarri zuen katalanez emango dituztela Dragoi Bola, Dragoi Bola Z eta Dragoi Bola Super saioen ehunka atal (575 guztira). Bazebilen zurrumurrua ea euskaraz halakorik gertatuko ote den, eta Makusi jaian larunbatean baieztatu zen hori hala izango dela. Barakaldoko (Bizkaia) BECen egin zuten jaialdia aurreneko aldiz, eta bertan afixa handi bat jarri zuten hau iragarriz: Dragoi Bola laster iritsiko da Makusira. Ageri den afixa Dragoi Bola Super saioarena da. Kanadako Paw Patrol (Txakur Patruila) animaziozko saioa ere Makusi plataforman euskaraz ikusi ahalko da datozen hilabeteetan.

Aldatu Gidoia mugimenduak albiste pozgarritzat jo du EITBren Makusi plataformaren iragarpena. Baina eskaera jakin bat egin du: «ETBri bide horretan sakontzeko eskatzen diogu, eta, 2025erako, haur eta gaztetxoen edukietara bideratutako aurrekontua bikoizteko».

Dragoi Bola
Dragoi Bola. BERRIA

Ziurtzat jo daiteke Toei Animation Japoniako konpainiak 1986tik 1989ra egin zuen Dragoi Bola originalaren atalak plataforman euskaraz jarriko dituztela: 153 atal. Dragoi Bola Z eta Dragoi Bola Super sailen atalak ere emango dituztela jakin du BERRIAk. Japonian 1989tik 1996ra eman zituzten Dragoi Bola Z-ko 291 atalak. Sailaren zaleentzat, bestalde, berrikuntzarik handiena Dragoi Bola Super euskaraz ikustea izango da: Japonian 2015eko uztailean estreinatu zuten animaziozko saioa, eta 131 atal eman zituzten 2018ko martxoaren 25ean amaitu zen arte. Guztiak euskarara bikoiztuko dituzte. Noiz estreinatuko dituzten ez dago argi, ordea.

Euskal Manganime komunitateko Mirai Herrerak ontzat jo du albistea: «Askori zerbait zaharra iruditu arren, Dragoi Bola gaur egun oraindik ere oso bizirik dago. Horren adibide da duela egun gutxi kaleratu duten Dragon Ball Sparking Zero bideojokoa, izugarri arrakastatsua izaten ari baita. Dragoi Bola Makusin jartzea zale askok aspalditik eskatzen dugun zerbait da, bai nostalgiagatik, baina baita belaunaldi berriek Dragoi Bola-ren historia euskaraz bizi ahal izan dezaten ere. Ea hurrengo pausoa Dragoi Bola-ren sailik berrienak euskarara bikoiztea den».

 
'Dragoi Bola'
'Dragoi Bola'. BERRIA

Bestalde, hemendik gutxira euskaraz ikusi ahalko da aurrenekoz animaziozko Paw Patrol saioa (Txakur Patruila). Kanadako saio hori 2013an estreinatu zuen Nickelodeon kateak Ameriketako Estatu Batuetan. Euskal Herrian neska-mutikoek ikusi ahal izan dute, baina gaztelaniara eta frantsesera bikoiztuta. Orain, berriz, euskaraz gozatzeko aukera izango dute Makusin. 11 denboraldi eta 262 atal egin dituzte dagoeneko. Zinema aretoetan Paw Patrol-en bi film estreinatu dituzte, eta horiek ezin izan dira euskaraz ikusi.

Hori gutxi balitz, Makusik One Piece animaziozko saioaren 156 atal euskarara bikoiztuta jarriko ditu.

Igande honetan, omenaldia

Dragoi Bola-ren inguruko albiste gehiago bada egunotan. Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinema Astearen barruan egingo den Animedon topaketako ekitaldien barruan, igande honetan Son Gokuk euskaraz hitz egin zuenekoa ekitaldia egingo dute Antzoki Zaharrean (19:00). Dragoi Bola euskaratu zutenei omenaldia egingo diete: bertan izango dira Xabier Amuriza bertsolari, idazle eta telesailaren lehenengo bikoizketa zuzendaria; Seve Atencia, Goku eta Gohanen ahotsa; Ana Guadalupe Fernandez, Bulmaren ahotsa eta kredituen sekuentziako abeslaria; eta Joxe Felipe Auzmendi, Freezerren ahotsa. Gainera, Dragoi Bola-ren lehen atala pantaila handian emango dute, musika zuzenean egongo da, eta opariak ere banatuko dituzte. Ylenia Benito kazetariak egingo ditu aurkezle lanak. Sarrera guztiak amaituta daude, ordea. Aurten Akira Toriyama hiltzeaz gain, 35 urte bete dira ETBk lehen aldiz Dragoi Bola euskaraz igorri zuela, eta horregatik erabaki dute haren omenezko ekitaldia egitea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.