gaizka izagirre
Ikus-entzunezkoak

Dotorezia telesail bihurturik

2024ko urtarrilaren 24a
05:00
Entzun

Ez daukat modarekiko interes berezirik, eta Cristobal Balentziagaren ibilbidea ez da sekula gauez loa kendu didan zerbait. Hori argituta, eta osorik ikusi ostean, zenbat gozatu dudanCristóbal Balenciaga telesailarekin. Dakizuen moduan, jostunari buruzkoa da, eta haren bizitzako hainbat pasarte ditu hizpide. Zuzendari lanetan Moriartitarrak, Lourdes Iglesiasen ideia bati jarraituz. Alberto San Juan aktoreak gorpuzten du getariarra, eta egiten duen lana txundigarria iruditu zait, ñabarduraz josia, eta antzezpen lanaz gain, lehenagotik menderatzen ez zituen hizkuntzekin —euskara eta frantsesa— egin duen lanketa txalogarria da. Nagusiki bere bizitzako bi etapatan banatua dago telesaila: orainaldia, bere zahartzaroan girotua dagoena eta Prudence Glynn The Times egunkariko kazetariarekin duen elkarrizketa da abiapuntua. Elkarrizketa hori baliabide narratibo gisa erabiliko dute jostunaren ibilbidea gogoratu eta flashback formatuan pasarte garrantzitsu batzuk errepasatzeko. Balentziagak arlo pertsonal zein profesionalaren alderdi guztiak kontrolatzeko zuen obsesioa eta komunikabideekiko mantentzen zuen distantzia bereziki nabarmentzen dira. Hori pantailaratzeko sortu duten atmosfera hamarrekoa iruditu zait, eta, esentzia misteriotsu hori elikatzeko, Alberto Iglesiasen musika eta Javi Agirre argazki zuzendariaren lanak, berriz, gorenak. Desfileetako sekuentzietan eta soinekoak josten dituzten uneetan, musika, argazkia eta jantzitegiarekin joko dotorea osatu dute. Elementu horien guztien artean sartzen diren kamera-mugimendu zein planoen konposizio ederrek ere pisu nabarmena dute.

Telesail ugari estreinatzen dira, baina gutxitan nabarmentzen da egilea; promozioetarako nahiago izaten dute «Disney-en telesail berria» erako lerroburuak aukeratu. Kasu honetan ez da hala izan, Arregi, Garaño eta Goenagaren egiletza oso presente egon baita proiektua iragarri zenetik. Erabaki hori oso positiboa eta logikoa iruditzen zait: Balentziagak egileen defentsa sutsua egiten bazuen, nola ez dugu bada sortzaile euskaldun horien egiletasuna goraipatuko? Beren zigilua eta aztarna beren proiektu guztietan antzematen den zerbait da, eta horrek nortasun ikaragarria ematen dio lanari. Dotorezia telesail bihurturik. Ez galdu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.