Komunikazioa

Donostiako 'Irutxulo Hitza' astekari bihurtu da, Interneteko lana indartuz

Harpidedunak eta sustatzaileak lortzeko kanpaina bat jarri dute martxan, egitasmoa sendotzeko asmoz

EHEko Donostiako kideek bat egin dute Irutxoloko Hitza-ren Bultza Hitza kanpainarekin. HITZA.
Erredakzioa
Donostia
2013ko urtarrilaren 18a
00:00
Entzun
Irutxuloko Hitza kazeta astekari bihurtu da. Hala, aurrerantzean astean behin argitaratuko dute Donostiako Hitza, ostiralero. Interneko ataria eta astekaria izango dira egitasmo berriaren bi ardatzak. Papereko produktuari dagokionez, eguneroko albisteak, erreportaje sakonak, elkarrizketa luzeak, agenda, asteak utzitako irudiak eta astebururako proposamenak bilduko ditu astekariak, besteak beste. Produktua ahalik eta osoena izateko, Gipuzkoako Hitza gehigarri gisa izango du, donostiarrek herrialdean gertatzen denaren berri ere izan dezaten.

Harpidedunak proiektuaren oinarri dira, eta hala izango dira aurrerantzean ere. Ohi bezala, urtea hastearekin bat, kobraketa kanpaina abiatu dute; kuotak ez du igoerarik izango. Harpidedunek astekaria etxean jaso eta hainbat zozketatan parte hartu ahal izango dute.

Sustatzailearen figura ere sortu dute egitasmo berriaren etorrerarekin, 30 euroko urteko kuotaren truke, Irutxulo.hitza.info atariko irakurleari begira. Horiek ere, harpidedunek bezala, hainbat zozketatan parte hartu ahal izango dute.

Horren guztiaren berri emateko, kanpaina bat abian jarri du Irutxuloko Hitza-k, Bultza Hitza leloarekin. Hainbat pertsona ezagunek egitasmoarekin bat egiteko gonbita egingo dute otsailaren bukaera arte, harpidedun berriak egiteko eta sustatzaileak biltzeko helburuarekin.

Donostiako euskaldunei bertako informazioa euskaraz eskaintzeko asmoz, 2005ean sortu zen Irutxuloko Hitza. Urte hauetan guztietan nahi baino arazo gehiago sortu izan da. Krisi ekonomikoaren eta hedabideen eredu krisiaren eraginez, hainbat aldaketa eta egokitzapen egin behar izan ditu Irutxuloko Hitza-k.

«Aurrera begira jarriz, komunikazio joera berriei erreparatu eta horiek gurera egokituz, Donostiako euskaldunentzat ahalik eta proiektu sendoena egin nahi du Irutxuloko Hitza-k». Esate baterako, Interneteko ataria astelehenetik igandera aktibo dago, atsedenik gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.