2010ean kostaldeko Donejakue bidea egin zuen Kepa Acerok (Algorta, Bizkaia, 1980), Iker Basterretxea lagunarekin, bizikletaz, eta surf ohola bidaide. Iaz bidea errepikatu zuen, baina hamahiru dokumentaleko sorta bat grabatzeko: Caminando sobre las olas (Olatuen gainean ibiltzen). RTVE Espainiako Irrati-Telebistaren eta Surf Channelen ekoizpena da. Euskaltelek ere parte hartu du. Bihar estreinatuko dute irekian, La2-en, 19:25ean. Hondarribia eta Orio arteko bidea (Gipuzkoa) egingo du Acerok lehen atalean.
Zer moduz? Ez zara ohituta egongo hainbeste denbora etxean pasatzera.
Ez nago ohituta etxean egotera, baina bai bakarrik egotera. Denbora asko pasatzen dut bakarrik. Ondo moldatzen ari naiz.
Dagoeneko itxialdia amaitzen denerako planak egiten? Zer duzu buruan?
Bidaiatu bai, baina beste era batera egiteko modua bilatzen ari naiz, pixka bat neure burua berriro asmatzen. Afrikara joateko ideia pare bat dut, baina itxaroten ari naiz, ea zer gertatzen den.
2010ean zeure kabuz egin zenuen Donejakue bidea. Iaz, berriz, Surf Channeleko taldearekin, dokumentalak egiteko. Bi bideak oso ezberdinak izango ziren.
Oso. Nik egin ditudan produkzioak beti izan dira independenteak eta nire erritmora egindakoak. Honetan, aldiz, talde bat geneukan, eta erritmoak ez ziren nireak, taldearenak baizik. Normalean, oso azkarrak. Asko ikasi nuen.
Bietan egin duzu bidea, baina hala sentitzen duzu?
Lehenengoan, bai, argi eta garbi; bigarrenean, esango nuke bidearen irudikapen bat dela. Orain gogoa sortu zait berriro egiteko.
Bideko lekurik gehienak ezagunak izango zenituen, hondartzak eta olatuak batez ere.
Bai. Urte asko daramatzagu Kantauri itsasoaren alde batetik bestera bueltaka. Bide horiek beti autoz egiten ditugunez, ez daukagu denborarik bidean dauden lekutxoez, jendeaz eta naturaz gozatzeko. Horregatik sortu zitzaidan bidea bizikletaz eta surf oholarekin egiteko gogoa. Ez olatuak hartzeko bakarrik, baizik eta esperientzia guztia bizi izateko.
Donejakue bidea barne bidaia izaten dela esan ohi dute. Zer ikasi zenuen bidean?
Oso gauza polita da. Leku guztietako jendea topatzen duzu, eta bakoitzak bere arrazoiak ditu bidea egiteko. Gelditzeko eta pentsatzeko aldi bat da. Oso erritmo azkarrean bizi gara, eta bidean denbora gelditzeko aukera daukazu. Hori gustatu zitzaidan.
Surf ohola menderatzen duzu. Zer moduz bizikletan?
2010ean egin nuenean, Euskal Herriko lehen hiru etapak oso gogorrak izan ziren. Zalantzan jartzen nuen ea bukatzeko gai izango nintzen. Gero, ohitzen zara eta ondo joaten zara.
Dokumentaletan leku ikusgarriak ikusiko dira. Hala ere, onena, jendea? Bidearen giza paisaia erakusteko aitzakia bat ere bada?
Itsas kultura da protagonismo handien daukana. Horren barruan, surflarien istorioak. Hemen sekulako zortea dugu, oraindik gurekin baitaude surfaren aitzindariak. Hori guztia jaso dugu.
Kostaldeko Donejakue bidea itsasotik gertu dago, baina baita urrun ere.
Egia da, jendeak ez dio ematen garrantzi handirik itsasoari Doneakue bidean. Ni, surflaria izanda, horrek bultzatu nau bidea egitera. Frantziako bidea oso polita izango da, baina ez dut egitea planteatu ere egiten. Itsasoa hor egotea behar dut.
Munduko txoko askotan egon zara, gehienetan oso urrun. Nahi izanez gero, ez dago oso urrutira joan beharrik abentura bat izateko edo bidaiatzeko?
Argi eta garbi. Nik ez nuen ezagutzen Markina eta Ondarroa ingurua [Bizkaia], eta sekulako lekuak daude. Batzuetan, ez daukagu hain urrun joan beharrik gauza berriak ezagutzeko eta esperientzia politak izateko.
Egiten duzuna kontatzeko premia sentitzen al duzu?
2010ean hasi nintzen dokumentalak egiten. Munduari bira eman nion bakarrik, eta orduan hasi nintzen. Bakarrik egonda, aurkitu nuen modua idazteko eta gertatzen ari zena kontatzeko. Hor jakin nuen istorioak kontatzea dela gehien gustatzen zaidana.
Kepa Acero. Surflaria
«Donejakue bidea geldialdi bat da»
Kostaldeko Donejakue bideko txokoak, olatuak, jendea eta, batez ere, «itsas kultura» erakutsiko ditu bihartik aurrera Espainiako telebista publikoan (La2, 19:15).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu