Euskal Herrian egiten diren dokumentalak zabaltzea. Horixe daHamaika Telebistak denboraldi honetan estreinatu duen Dokuteka saioaren helburua. Gainera, bideoaz gain, ikus-entzunezkoen sortzaileak eta protagonistak elkarrizketatuko dituzte. Gazta Zati bat, Festa dezagun gaurdanik geroa, Erretenak, Irria Dario haizeari, Zuloak... horiek dira ostiral gauez, 22:00etan, Hamaika Telebistan emango dituzten obretako batzuk. Denetariko gaiak jorratuko dituzte.
«Urtero hainbat dokumental sortzen dira euskaraz, eta haietako batzuk bidea egiten dute, baina gerora ibilbidea eten egiten da». Inaxio Esnaola programazio arduradunak uste du erantzun bat eman behar zaiola hedadura faltari; hori dela-eta egin du Hamaikak dokumental saio baten alde. Halaber, «dokumental programa bat baino gehiago» ere izango dela argitu du: «Egileek kontatuko digute dokumentala nola sortu zuten, zein den beren esperientzia... Hala, testuinguruan kokatuko gara».
Gaiei dagokienez, ez dute mugarik jarri: era guztietako alorrak jorratuko dituzte. «Iragazki bakarra azken bost urteotan ekoitzitakoa izatea da». Nerea Andres eta Ane Azkue dira saioko arduradunak; Andres arduratzen da aurkezle rola betetzeaz. Dioenez, gaur-gaurko gaiei lotutako alorrak ukitzen saiatuko dira. Horren adibide ostiralean bertan proiektatuko duten obra: Grebalariak aske. Larunbaterako, «elkartasun askegunera» deitu dute, Deustuan, Urtzi Martinezen eta Jon Telletxearen kontrako epaia salatzeko, eta Hamaika Telebistak bezperan ekarri nahi du gaia gogora. Era berean, Nafarroa Oinez baino pare bat egun lehenago Badira bagara dokumentala izango dute, Tuterako Argia ikastolaren inguruko lana. «Saiatzen gara lantzen, posible den heinean, pil-pilean dagoen gai batekin lotura zuzena duten dokumentalak», dio Azkuek. Horrez gain, hilaren 24an, Emakumeak lurraren defentsan obra zabalduko dute.
Telebista, baina bestelakoa
«Jendeak esaten zigun: 'Noiz eskainiko dituzue dokumentalak?'». Esnaolak azaldu du eskaria bazutela, eta horren harira sortu dutela Dokuteka. Hark argi dauka publikoa konforme dagoela estreinatu berri duten produktuarekin: «Jendeak eskatzen zuen, eta eskertzen du».
Webgunean ez dituzte dokumentalak eskainiko, saioan baino ezin izango dira ikusi. Zergatia: «Dokumental horiek oraindik bidea dute egiteko; proiektatu ditzakete edozein zirkuitutan». Sortzaileei egindako elkarrizketak, ordea, bai. Horiek sarean paratuko dituzte. «Izan daitezke amu bat ikusleak, gero, dokumentala ikusteko Interneten edo erosteko, ala emanaldietara joateko». Hamaika Telebistak hartu duen noranzkoaren erakuslea da programa, Esnaolaren irudiko: «Guk beste begi batzuekin egiten dugu telebista, eta badakigu beste begi batzuk daudela telebista eredu hori ikusteko».
Dokumentalen leihoa
'Zuloak', 'Gazta zati bat' eta 'Arrakala' emango dituzte, besteak beste, Hamaika Telebistako 'Dokuteka' dokumentalen inguruko saioan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu