Doako kiniela bat pilotazaleentzat

Haritz Jamar, Ander Mina eta Unai Olaz pilotazaleek Katedra aplikazioa sortu dute. Pilota partiden kinielak egin daitezke bertan. Ez da dirurik jokatzen.

Katedra aplikazioaren sortzaileak, Atarrabian: Ander Mina, Haritz Jamar eta Unai Olaz. IÑIGO URIZ / FOKU
Katedra aplikazioaren sortzaileak, Atarrabian: Ander Mina, Haritz Jamar eta Unai Olaz. IÑIGO URIZ / FOKU
urtzi urkizu
2025eko apirilaren 26a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Txirrindularitzazaleek badute lehendik Tropela izeneko egitasmo berezia. Nazioartean badira futbolarekin lotutako makina bat joko, apustu eta kiniela. Pilotazaleentzat, aldiz, orain arte ez zegoen eskaintza ludikorik. Hala zen Katedra aplikazioa iritsi den arte. Haritz Jamar, Ander Mina eta Unai Olaz nafarrak dira egitasmoaren sortzaileak, eta oso harrera ona izan du lehen egunetan.

Telefonoetarako aplikazio bat da, erabiltzaileek pilotaren inguruan zenbat dakiten neurtzen duena. «Hortik dator aplikazioaren izena: Katedra», azaldu dute sortzaileek. «Joko hori lagunen artean jolasteko da; kiniela formatua erabiliz, pilota partiden inguruko emaitzak asmatu behar dira». Adierazi dutenez, bide batez, modu horretan gazteak pilotara hurbilarazteko helburua dute, «kirol hegemonikoek dituzten aplikazioak neurri batean imitatuz».

Haritz Jamarrek adierazi du ohikoa dela gazteak futboleko fantasy generoko aplikazioetan aritzea. «Aplikazio horietan lehiakide bakoitzak bere taldea egin behar du lagunen artean taldetxoetan lehiatzeko, eta kirol horretako jokalariek partidetan egiten duten horrek —golak sartu, kasurako— parte hartzaileei puntuak ematen dizkie». Gabezia hori sumatu zuten egileek pilotaren eremuan, eta horregatik bururatu zitzaien Katedra sortzea. «Halako aplikazioek arrakasta handia dute gazteen artean, eta, gure kasuan, pilotazaleak izaki, ez genuen abagunerik gure kiroleko aplikazioren batean jokatzeko».

Lehen egunean, mila deskarga

Katedra aplikazioak hasiera ona izan du. Lehen egunean, mila deskarga izan zituen. Egun batzuk pasatu ostean, 1.700 zalek baino gehiagok deskargatu dute aplikazioa. «Erabiltzaileen iritziak jaso ditugu, eta gehienek diote ideia oso ona dela. Gauza batzuk hobetzeko gomendioak ere egin dizkigute», esan du Jamarrek. Instagram kontua ere badu Katedrak.

Katedra aplikazioa
Katedra aplikazioa, pilotazaleentzako kiniela. IÑIGO URIZ / FOKU

Jamarrek aipatu du iragarki batzuk sartu dituztela, «gastuak estaltzeko». Babesle batzuk lortzen saiatzen ari dira, «baina zozketa bidezko sariak emateko». Egitasmoa aurrera ateratzeko, ordea, ez dute finantzaketarik lortu orain arte. «Zaletasunagatik ari gara egitasmoa martxan jartzen. Kasik, musu truk».

Batez ere «gabezia» sumatu zutelako abiarazi dute proiektua. Unai Olaz aritu da aplikazioaren programazioan lanean, gehienbat. «Eta orain arte Katedrak izan duen harrera ikusita, gustura eta pozik gaude. Baditugu ideia batzuk etorkizunean aplikazioa garatzeko eta hobetzeko». Diru apustuei atea zabalduko dieten galdetuta, Jamarrek argi du ezetz. «Gure asmoa ludikoa da; futbolak eta beste kirol hegemoniko batzuek zaleekin lotura lortu duten bezala, guk pilotaren inguruan sortu nahi dugu».

Buruz buruko txapelketa garai erabakigarrietan sartzen ari da —final-laurdenetako ligaxka ari dira jokatzen—. «Garai ona da aplikazioa ateratzeko, buruz buruko txapelketak arreta pizten baitu zaleen artean».

Erabiltzaileak nahi adina taldetan aritu daitezke Katedra barnean. Horietara sartzeko, izena eta kode bat sartu behar dira. Eta aplikazioa sakelakoan deskargatua izatea, besterik ez. Erabiltzaileen sailkapena automatikoki eguneratuko da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.