Egunotan Twitterren aurreratu ditu Naizen atalak Iñaki Altuna zuzendariak (Andoain, Gipuzkoa, 1967). Info atalak gaur-gaurko gaiak jasoko ditu, eta dosier bereziak eskainiko ditu. Naiz+, berriz, parte hartzeari zabaldutako leihoa izango da. Iritzia atalak Gara-ko sinadurak jasoko ditu—Iñaki Sotok aurreratu duenez, ordainpekoak izango dira—. Eta Agenda-k Euskal Herri osoko ekitaldiak bilduko ditu.
Nondik dator Naiz sortzeko proiektua?
Naizen sorrera hausnarketa orokor baten barruan dago. Gara egunkariaren taldean, ikusten dugu krisi bat dagoela komunikabideetan, eta etorkizunari begira asmatu beharra dagoela. Egiteko eta saltzeko modu bat amaitzen ari da, eta komunikabideek aurre egin behar diote horri. Bestetik, uste dugu badugula zeregin sozial eta informatibo bat, eta badugula zer esan. Behartuta egiten dugun urrats bat da, eta ekarpena egiteko aukera badugu. Orain arte, bere webgunea zuen egunkari bat izan gara; orain, talde bat izango gara, hedabide ezberdinak ateratzen dituena. Naiz, bere horretan, komunikabide oso bat izango da.
Naizen edukiak doakoak ala ordainpekoak izango dira?
Naizen helburuetako bat bada negozio eredu bat sortzea. Eta gure egitasmoa bada harreman komertzial bat sortzea erabiltzaileekin. Jende guztiari eskainitako doako eskaintza bat egingo dugu. Eta, bestetik, eskaintza jakin batzuk, jende jakin batentzat, ordainpekoak izango dira. Horren inguruan, negozio eredu bat eraiki nahi dugu. Lehen urratsa proiektua ezagutaraztea izango da, eta, aurrera begira, harreman askotarikoak izateko asmoa dugu.
Eskatzen ari zarete irakurleak Naizen erregistratu daitezela. Zertarako?
Erregistratzen direnek aukera gehiago izango dute parte hartzeko. Hori da lehen printzipioa. Gure komunitatea ere sortu nahi dugu, eta erregistratzen direnekin harreman bat egin.
Vicent Partalek berriki komunitatearen indarra nabarmendu du. Naizentzat zer garrantzi du komunitatearengana iristeak?
Gu bezalako proiektuen indar nagusia da komunitatea. Gure ondoan komunitate bat izateak aukera ematen dio proiektuari iraunkortasuna eta etorkizuna bermatzeko. Komunitateari parte hartzeko aukera ematea guretzat oso garrantzitsua da, hori izango baita etorkizunerako oinarria. Dena den, gure helburua ez da komunitatera bakarrik ixtea. Gizarteari begira eskaintza bat egin behar dugu. Ez litzateke egokia komunitatean itxi eta gizartearen eragina galtzea. Bi gauzak uztartu behar ditugu.
Euskarak zer portzentaje izango du Naizen edukietan?
Ez ditugu zehaztu portzentajeak. Gure taldean, euskarak gero eta presentzia handiagoa izan du, jakinda ere euskal herritarren errealitate linguistikoari erantzun behar diogula. Esan dezaket Naizen euskarak presentzia nabarmena izango duela.
Sare sozialetan zer estrategia mota planteatu duzue?
Gara markak, Twitterren eta Facebooken zabaltzen hasi zenetik, arrakasta nahikoa izan du. Orain egin duguna da Gara-ko kazetarien marka pertsonala sare sozialetan indartu. Naizekin beste ekarpen bat egingo dugu. Naizek bat-batekotasunari erantzungo dio sare sozialetan.
Komunikazio mundua aldatzen ari da sare sozialekin. Egoera honetan, zer garrantzi du kazetariaren lanak?
Oraindik badu garrantzia. Egia da teknologiak eskura jarri duela edonorentzat gauza asko egitea. Baina informazio andana egituratu, irakurri, ordenatu eta irizpidea emateko, lan asko dago egiteko komunikabideen aldetik. Kazetariaren lana funtsezkoa da komunikazioari zentzua emateko, eta komunikabideen funtzioa ere izan daiteke harreman guztiei topalekua eskaintzea.
Komunikazioa. Iñaki Altuna. Naiz-eko zuzendaria
«Doako eskaintzaz gain, ordainpeko eskaintza jakin batzuk egingo ditugu»
'Gara.net'-ek 'Naiz.info'-ri bidea eman eta aro berri bat hasiko du gaur EKHEk. Bilboko Ensanche eraikinean aurkeztuko dute hedabide digital berria, 20:00etan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu