Disney Plusek ez du 'En el nombre de ellas' emango

Azaroaren 23an estreinatu behar zuen 'Cabezudo auziari' buruzko saioa, baina atzera egin du. Beste plataforma edo telebista batean emango dute

En el nombre de ellas dokumental saioaren fotograma bat. DISNEY PLUS.
Urtzi Urkizu - Enekoitz Telleria Sarriegi
2022ko abenduaren 13a
00:00
Entzun
Disney Plus plataformak azaroaren hasieran iragarri zuen Kote Cabezudo auziaren inguruko dokumental saio bat estreinatuko zuela azaroaren 23an: En el nombre de ellas (Haien izenean). Lau ordu eta erdiko lanean, Kote Cabezudo salatu zuten hainbat emakumeren lekukotzak jaso zituen Sr. Mono ekoiztetxeak dokumental saio horretan. Eta iragarri zuten estreinaldia, baina ez zuten iragarpena bete. Erantzun baten zain egon dira geroztik ekoiztetxekoak, eta atzo jakin zuten Disney Plusek behintzat ez duela emango, atzera egin dutela. «Horixe esan digute: ez dutela emango. Baina dokumental saioaren eskubideak bueltatu egin dizkigute, beste plataforma edo telebistaren batean eman ahal izateko. Eta hori da orain guretzat garrantzitsuena: gure dokumentala eman egingo dela», azaldu dio BERRIAri Eduardo Mendozak, dokumental saioa zuzendu duen kazetariak.

Preso dago Cabezudo 2018ko udaberritik. Epaiketa aurten egin dute, martxoaren 7tik apirilaren 13ra. 28 urte eta bi hilabeteko zigorra jarri diote. Prozedura judiziala xehe-xehe kontatzen da saioan, biktimengan jartzen da farreta, eta haiek kontatutakoetan: sexu abusuak, mehatxuak eta bortxaketak, besteak beste. «Dokumentazio lan handia egin dugu, ikerketa lan oso sakona izan da. Eta kontatzen dugun guztia autoetan eta agirietan oinarrituta dago», ohartarazi zuen Mendozak saioa aurkeztu zuenean: «Gai delikatua da, asko sufritu duten pertsonez ari gara, eta zorroztasuna zen lehen premisa». Horregatik, Disney Plusek dokumental saioa emango zuela iragarri, atzera egin, eta benetan zer gertatuko zen jakin artekoa ez dela «batere gozoa» izan aitortu du Mendozak: «Ez dugu batere ongi pasatu. Batez ere, biktima horiekiko konpromiso bat geneukalako: haien istorioa ezagutzera ematea. Orain, eskubideak berriz ere geureak direla jakinda, lasaiago gaude, badakigulako dokumentala eman egingo dela».

Disney Plusen azalpenak

Mendozak ez du azalpenetan gehiago sakondu nahi izan: «Azalpenak Disney Plusek eman behar ditu». Saioa iragarritako egunean emititu ez zenean ez zituen eman, baina atzo bai, azken unean: «Kote Cabezudoren biktimen alde gaude, eta uste dugu haien historia kontatu egin behar dela. Horregatik erosi genituen eskubideak, baina desadostasunak egon dira ekoiztetxearekin, eta akordio bat lortu dugu eskubideak berriro haiei bueltatzeko». Sr. Mono ekoiztetxeak datozen egunetan iragarriko du non eta noiz emitituko duten saioa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.