Ez da berehala gertatu, baina Disney Plus plataforman azkeneko urteetan konpainiak estreinatutako film garrantzitsuenetako batzuk katalanez ikus daitezke. 24 film luze eta film labur bat ikus ditzakete plataformaren harpidedunek katalanezko audioarekin.
Azaroan jarri zituen Disney Plusek aurreneko bi lanak katalanez: Frozen 2 eta Espies disfressats. Horraino iritsi aurretik, Plataforma Per La Llenguak 30.000 sinadura baino gehiago bildu zituen, Disneyri eskatzeko katalanera bikoiztuak dauden lanak katalanez jartzeko. Aurreneko filmak jarri eta berehala erreakzionatu zuen Plataforma Per La Llenguak, eta ez zuen ontzat jo hasiera «apal» hura.
Azkeneko bi asteetan egin du jauzia Disney Plusek. Ekaineko lehen egunetan, zortzi film berri jarri zituzten katalanezko audioarekin. Eta egunotan iritsi dira 25eko zerrenda horretako azkenekoak: El Geperut de Notre Dame, Brave: Indomable eta Onward.
Oraindik geratzen dira katalanera bikoiztuta dauden eta zerbitzuan hizkuntza horretan ikusi ezin direnak: Bàsil, el ratolí detectiu eta Malson abans de Nadal, besteak beste.
Plataforma Per La Llenguak pozgarritzat jo du jada 25 film katalanez ikusi ahal izatea:«Denen presioari esker, lortuko dugu Disney Plusek osotasunez katalana sartzea bere zerbitzuan. Baina erne egon behar dugu. Oraindik katalanezko bertsio batzuk gelditzen dira gaineratzeko, diru publikoarekin ordainduak».
Sinadura bilketen eta katalanaren alde lanean ari direnen presioaz gain, gogorarazi behar da Kataluniako Generalitateak iazko maiatzean iragarri zuela Disneyrekin negoziatzen ari zela katalana plataformaren hizkuntzetan sartzeko. Horri gaineratu behar zaio Generalitateko Hizkuntza Politikako Sailak diru laguntza lerro bat sortu zuela plataforma digitaletan edukien bikoizketa eta azpidatziak sustatzeko. Milioi bat euroko saila izan zen iaz. Aurten, berriz, 1.230.000 euro inbertituko ditu Generalitateak plataformetako eta DVD eta Blue Rayko bikoizketan eta azpidatzietan.
Edukirik ez da euskaraz
Disney Plus plataforman ez dago eduki bakar bat ere euskarara bikoiztuta edo azpidatzita. Guraso euskaltzale batzuek Disney Plus Euskaraz taldea sortu zuten iazko azaroan, eta sinadura bilketa bat martxan jarri konpainiari edukiak euskaraz jar ditzala eskatzeko. 6.100 sinadura baino gehiago bildu dituzte hilabeteotan—www.pantailakeuskaraz.eus webgunean aurki daiteke sinadura bilketa—.
Alex Aginagalde Disney Plus Euskaraz taldeko bozeramaileak agerraldia egin zuen Eusko Legebiltzarrean otsailaren 10ean. Orduko hartan, EAJko legebiltzarkide Mikel Arruabarrenak esan zuen Eusko Jaurlaritzak hainbat saiakera egin dituela Disneyrekin egoteko. «Beste aldean ez dago interesik», esan zuen.
BERRIAk jakin duenez, duela urte batzuk bikoizketaren munduko profesional batek eta Espainiako Disneyk zenbait bilera egin zituzten, eta konpainia prest zegoen filmak euskarara bikoizteko hitzarmen bat sinatzeko. Hitzarmenaren kontratua Eusko Jaurlaritzara iritsi zen, baina ez zuen aukera hura baliatu.
Disney Plus, katalanez
Katalanera bikoiztutako 25 lan ikus daitezke 'streaming' plataforma horretan. Azken bi asteetan jarri dituzte zerbitzuan 25 film horietatik 21
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu