Etengabeko berritze prozesuan dira herrialdeetako Hitzak. Apirilean, Nafarroako Hitza-k webgunea eraberritu zuen. Ipar Euskal Herriko Hitza-k gaur jantziko du diseinu berria, .eus domeinua gaineratzearekin batera: iparraldekohitza.eus. Ekhi Erremundegi Ipar Euskal Herriko Hitza-ko kazetariak nabarmendu du webgune berritua argazkiz josia izango dela: «Irudiari garrantzia eman nahi izan diogu. Orain arteko webgunea zaharkitua zegoen, garai bateko blog baten antza zuen». Informazio antolaketa berri bat proposatu nahi dute orain webgunearekin: «Argiagoa, funtzionalagoa eta elementu batzuei garrantzi gehiago emanez».
Webgunearen azalean, azkeneko lau albiste nagusi agerraraziko dituzte. «Eskuinaldean, bestalde, bi iritzi emaile bikoteren testuak irakurri ahalko dira». Eleketa tartean, Katixa Dolhare-Zaldunbide eta Bea Salaberri zein Xabi Larralde eta Gorka Torre aritzen dira bata besteari erantzuten, astero. «Biziki interesgarriak gertatzen ari dira elkarrizketa horiek, eta webgunean sartzen den irakurleari berehala irakurtzeko aukera eman nahi diogu».
Webgunean leku berezia ere badute Hitzarako zein BERRIArako Baionako egoitzako kazetariek egindako elkarrizketek. «Zenbait elkarrizketa atenporalak dira, eta uste dugu urte guztian irakur daitezkeela», azaldu du Erremundegik.
«Paperezkoa indartzeko»
Ikus-entzunezko lanentzat ere izango da tarterik webgune berrituan: Ipar Euskal Herriko Hitza-ko kazetariek egindako bideoak jarriko dituzte, batetik, eta Kanaldudeko kideek egiten dituztenak, bestetik. Ekitaldien agenda «argiagoa» emango dutela iragarri du Erremundegik.
Badira bi atal, halaber, webgunean: Honetaz eta Hartaz. Honetaz izenekoan kultura eta aisialdiko gaiak azalduko dira, eta Hartaz izenekoan politika, gizarte eta ekonomia gaiak. Argazki galeria bat ere izango da ikusgai webgunean, erregularki eguneratuko dena.
Erremundegik adierazi du Interneteko sare sozialetan presentzia indartu nahi duela Ipar Euskal Herriko Hitza-k. «Webgune txukunagoa izateak lagunduko du ahalegin horretan».
Webgune berritua izateak, gainera, paperezko edizioa indartzea ekarriko duela uste du kazetariak. Webgunean izena emanda, paperezko Hitza lau astez doan jasotzeko aukera bada. «Webgune berriak harpidetzak sortzen lagun dezake». Helburu horrekin ari dira lanean, etengabe berrituz, etengabe irakurleen premietara egokituz.
Diseinu erakargarriagoa 'Ipar Euskal Herriko Hitza'-ren webgunearentzat
Irudiari garrantzi handiagoa emango dio 'Iparraldekohitza.eus' atari berrituak, gaurtik aurrera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu