Hogei urteko bidean Euskaldunon Egunkaria eta BERRIA «bidaia lagun bereziak» izan direla nabarmendu du Vicent Partalek (Betera, Herrialde Katalanak, 1960). Hogei langileko taldea zuzentzen du, egunero informazioa katalanez eta ingelesez eskainiz.
Zeintzuk izan dira hogei urteotako une garrantzitsuenak?
Aurrenekoa, 1995ean ausartu egin ginela, askorik pentsatu gabe. Ez dakit nola egin genuen, urte haietan. Kazetaritza ikuspuntutik M-11 oso data garrantzitsua izan zen guretzat. Bertsio ofiziala argia ez zela esan genuen ahots bakanetakoa izan ginen. Jende askok egun hartan deskubritu gintuen. Urteotan, bestalde, egokitzeko gaitasun handia izan dugu. Kataluniako prozesu subiranistan ere rol garrantzitsua jokatu dugu.
Vilaweb sortu zenutenean irudikatzen al zenuen hogei urteren ostean hemen egotea?
Ez, inola ere ez. Kontuan izan behar da hasi ginenean Interneten ez zeudela ez Google, ez Yahoo, ez bannerrak, eta egunkariak ez zeudela Interneten. Pentsatu genuen eremu interesgarri bat zegoela, baina ezin genuen irudikatu gaur egun gertatu dena gertatuko zenik. Gerora, Vilaweb eredu izan da askorentzat.
2015ean nola izan daiteke berritzailea Interneten?
Joko eremu zabala dago gaur egun. Kazetaritza ikuspuntutik berreskuratu behar da 80ko eta 90eko hamarkadan galdutako ezaugarri bat: komunitate baten bozeramailea izatearen ideia. Vilaweben komunitatea etaBERRIAlagunen komunitatea egin behar denaren adibide dira. Hau ez da negozio bat eta kitto. Egunkaria komunitatearen zerbitzura dago. Internet bidez harreman eredu ezberdin bat izan dezakezu irakurlearekin.
Interneteko jokalekuan sare sozialak sartu dira, eta aldaketa gehiago datoz.
Vilaweb-en aurretik argitaratzen dugu Twitterren eta Facebooken gure atarian baino. Bestetik, janzteko gailu digitalen fenomenoa sortzen ari da. Mundu konplexua izango da hori. Informazioa erabat despaketatuta dago. Inork ez daki bost urte barru Internet nolakoa izango den.
Aldaketa teknologikoak batzuk ala besteak izan, zeintzuk izan dira Vilaweb-en kazetaritza oinarriak?
Horretan klasikoak gara. Lehena, zintzotasuna. Ez gara neutralak, baina bai zintzoak. Profesionaltasuna funtsezkoa da. Errespetua ere garrantzitsua da, errespetua irakurleei eta denei. Zerbait argitaratzen duzunean ardura handia daukazu. Istorioak kontatzeko zaletasuna dugu baita ere. Istorio interesgarriak eman behar dira, eta ondo kontatu.
Nolakoa izango da ekainean estreinatuko duzuen diseinu berria?
The Guardian-en estilokoa izango da. Azalaren desagerpena gertatzen ari da, sare sozialen eraginez. Egun, irakurleen %20-30 inguru baino ez dira azaletik pasatzen. Baina azalean islatzen da egunkariaren ildo editoriala. Adibidez, Mediterraneoan izan diren giza tragedia batzuk ez ditu ia inork irakurtzen. Baina gure erantzukizuna da irakurlea errealitate horren aurrean jartzea. Horretarako azal erakargarriago bat egin behar da. Eta batez ere orrialde bakoitza azal bilakatu. Diseinua hobetu beharko dugu horretarako.
Nola doaz Vilaweb-en harpidedun datuak? Hazteko eremua badago?
Bai. 4.000 harpidedun inguru ditugu. Datua arrazoizkoa da, baina haztea gustatuko litzaiguke. Bai guk bai BERRIAk zortea dugu geure komunitateetan oso finkatuak gaudelako. Hori jendeak eskertzen du. Ez dago beste biderik. Antolatzaile kolektiboen rola hartzen dugu edo ez dago non sartu. Eskaintza hain da handia... Egunkari eredu bat garela ez du inork zalantzan jartzen, gehiago gustatu ala gutxiago. Bestetik, estatuek inposatutako mugak hausten saiatzen da Vilaweb, herrialdea kohesionatzen saiatuz.
Vicent Partal. 'Vilaweb' atariaren sortzailea eta zuzendaria
«Diseinu berrian, orrialde bakoitza azal bilakatuko dugu»
Hogei urte bete ditu katalanezko egunkari digitalak. Partalek sortu zuenean, Europan beste bi egunkari digital zeuden, eta itxita daude orain. Ekainaren 16an diseinu berria estreinatuko du 'Vilaweb'-ek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu