Prentsa

'El Diario Vasco'-ko langileek hiru greba egunera deitu dute

Hilaren 19an, 20an eta 21ean egingo dituzte lanuzteak. Egunotan, bestalde, sinadura greba egiten ari dira kazetariak. Salatu dute ez dutela aurrerapausorik eman hitzarmen kolektiboaren negoziazioetan.

'El Diario Vasco' egunkariko langileen protesta bat. DV-BATZORDEA
'El Diario Vasco' egunkariko langileen protesta bat. DV-BATZORDEA
urtzi urkizu
2024ko ekainaren 6a
12:00
Entzun

Gipuzkoako El Diario Vasco egunkariko langileek hiru greba egunera deitu dute, ekainaren 19rako, 20rako eta 21erako, hitzarmen kolektiboaren negoziazioetan «ez delako aurrerapauso nabarmenik eman». Langileen batzarrean grebaren inguruko bozketa egin dute: aldeko 55 boto, kontrako zazpi, eta bi boto zuri izan ziren; hau da, batzarrera joandako langileen %86k babesa eman diote greba deialdiari.

Era berean, sinadura greba egiten ari dira egunkariko langileak maiatzaren 30az geroztik. Horrek esan nahi du ez dituztela artikuluak sinatzen. Salbuespen batzuk badira. «Enpresak lehentasuna ematen die Colpisa agentziaren, berriemaileen eta lantaldean ez dauden langileen sinadura duten informazioei», salatu du langile batzordeak sare sozialetan.

Grebaren atariko, hilaren 13an, langileek elkarretaratzea egingo dute egunkariaren egoitzaren atarian, Donostian, administrazio kontseiluak bilera egingo baitu egun horretan. Astelehenero egiten ari dira elkarretaratzeak, #astelehenbeltzak izenburupean: beltzez janzten dira langileak, protesta gisa.

2023ko abenduaren 31n iraungi zen hitzarmena. ELA sindikatuak, bederatzi ordezkarirekin, eskaera hauek egin dizkio zuzendaritzari: soldatak KPIaren arabera eguneratzeko, soldata eskala bikoitzak kentzeko eta lanaldiak laburtzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.