Gorputzak sarean; sakelako batetik bestera. Argazki bat bidali eta beste bat jaso. Gogo biziz desio dute elkar. Pantailak banatzen ditu, baina ez da oztopo; batera gozatzea erabaki dute. Praktika horrek errespetua, konfiantza eta konfidentzialtasuna ditu oinarri. Hala izan behar luke behintzat: gozatzeko formula berri bat.
Sakelakoaren edo ordenagailuaren bidez sexualki esplizituak diren mezu, irudi edo bideoak bidali, jaso edo zabaltzea da sextinga. Anglizismo bat da, sex eta texting hitzen elkarketatik sortua. Gazteen artean ohikoa da; nerabeen artean gero eta ohikoagoa. Ez da fenomeno bakana, testuinguru digitalean sexu harremanak izateko dauden bide ugarietako beste bat baizik.
Sexting hitzak ospe handia hartu du digitalizazioari esker. Hark ordezkatzen duen asmoa, ordea, antzinakoa da. Egun, ez da ohikoa gutunak bidaltzea, are gutxiago eduki erotikoa dutenak. Alabaina, urte askoan, idazketaren bidez trukatzen zituen jendeak bere sentimendu eta desio intimoenak. Sexting terminoa, bere hartan, 2005ean erabili zen lehenengo aldiz, Australiako aldizkari batean argitaratutako artikulu batean.
Izaki sexuduna da gizakia, eta ez da gauza berria haren interesa, jakin-mina, desioa eta kitzikapena pizteko estimuluak erabiltzea. Bikoteen artean —ez soilik gazteen artean— arrunta da sextinga egitea. Maider Garcia de Bikuña Kintana Emaize zentroko sexologoak uste du praktika gozagarria izan daitekeela, betiere «horretarako desioa izanez gero, eta ondo eginez gero». Besteak beste, adostu egin behar da irudi horiekin zer egin daitekeen.
Arriskuak
Gizakien desioa eta harremanak garai berrietara moldatuz doaz, eta, hala, aukera berriak sortzen ari dira. Sexologoarentzat, teknologiak ekarri duenaren isla da sextinga, desioak bultzatutako beste praktika bat. «Bide berriak agertzea dakar teknologiak, edota modu zaharrak berritzea, baita eremu erotikoan ere». Baina, nork bere borondatez egiten badu ere, sextingak baditu bere arriskuak, behin bidalita edukiaren gaineko kontrola galdu egiten baita.
Gerta daiteke norbaitek ez betetzea adostutakoa. Adibide bat aipatu du Garcia de Bikuñak: «Norbaiten irudiak baimenik gabe erakustea edota sareetan zabaltzea mendeku hartzeko»: «Batzuetan, harreman bat hautsi delako mindu, eta material hori mendeku moduan erabiltzen dute batzuek. Baliteke gure baimenik gabe beste norbaiti erakustea». Are gehiago, irudi horiek hodeian geratzeko arriskua ere badago: «Mafia digitalek erabil dezakete, edo irudia porno webguneren batean ager daiteke», ohartarazi du sexologoak.
Biktima ez da beti argazkia bidaltzen duena, jasotzen duena ere izan daiteke, norbaiten argazkiak eskatu gabe jasotzeko arriskua baitago. Ohikoak dira «zakilen argazkiak», adibidez, sexologoak zehaztu duenez. Gerta daiteke desira pertsonal batean oinarritu gabe argazki sexual bat bidaltzea ere, «presioagatik»: «Kontuan hartu behar dugu bikotekideak, taldeak, modak...nolabait presionatuta egiten dela batzuetan».
Intimitateari «eraso»
Sextingari lotutako praktika desegoki horietako batzuk delituak ere badira. Legea argia da: irudi intimo eta pertsonala ezin du inork erabili baimenik izan ezean. Beraz, halakoren bat gertatuz gero, salaketa jartzeko aukera dago. Legearen arabera, beste pertsona batekin modu pribatuan eta borondatez bideo edo argazki erotikoak, konprometituak edo eduki sexualekoak bidaltzeak edo trukatzeak ez du baimenik ematen beste bati zabaltzeko. Intimitaterako eskubidea urratzen du.
Hego Euskal Herrian aplikatzen den zigor kodearen arabera, hiru hilabetetik urtebetera arteko espetxe zigorra edo sei hilabetetik hamabira arteko isuna ezarriko zaio delitu egileari (197.7 artikulua). Ipar Euskal Herrian ere, intimitatearen aurkako delitutzat jotzen da: «Bi urteko kartzela zigorra eta 60.000 euroko isuna jasotzeko arriskua du delitu egileak (226.1 eta 226.2 artikuluak).
Intimitaterako eskubidearekin lotutako legeak sakonki ezagutzen ditu Guim Deltell Casacuberta abokatuak. «Bi aldeen arteko kontsentsua badago, nahi duten lekuraino irits daitezke», aletu ditu legearen inguruko xehetasunak. «Edukiak beste norbaiti bidaltzen bazaizkio edo sare sozialetan zabaltzen badira hartzen da delitutzat. Kartzela zigorra edo isuna ezar dakioke zabaldu dituenari».
Biktima emakume bat denean, gainera, «genero indarkeriaren edo indarkeria matxista digitalaren barruan» sartzen dela azaldu du abokatuak: «Boterea gizonen esku dagoenez, emakumeen desberdintasuna bultzatzen du horrek. Giza eskubideen urraketa bat da, beraz, emakumeen aurkakoa».
Haiek jasaten dituzte intimitatearen aurkako delitu gehienak. «Horretan ere, emakumeak gara kaltetuenak», esan du sexologoak: «Badira, adibidez, hondartzan gure irudiak hartzen dituztenak». Eta mendeku kasu gehienetan, «emakumea umiliatzea» da helburua, emakumeen biluztasuna eta desio erotikoa oraindik ere «txarrak» izango balira bezala.
Sexting delitu bat baldin badago, frogatu egin behar da. Ahal dela, «froga dokumentalekin», gehitu du abokatuak: «Adibidez, edukia Whatsapp talde batera bidali badute, edukia Whatsapp talde horretan dagoela frogatzen duten argazkiak erakutsi behar dira». Are, edukia zabaldu duen oro izango da errudun, eta ez bakarrik zabaldu dutenetan lehena. «Edukia jaso duenak uste badu bidali diotena ez dela guztiz legezkoa, eta hala eta guztiz ere zabaltzen badu, kolaboratzaile gisa kondenatu dezake epaileak». Nahiz eta ia beti ez den modu berean epaitzen.
Edukia jasotzen duenak askotan ezin du kontrolatu zer jasotzen duen. Baina abokatuak uste du, edukia ezabatzeaz gain, igorleari jakinarazi diezaiokeela zer ondorio penal izateko arriskua duen: «Bidaltzen dioten guztia zabaltzera ohitu da jendea, eta ez da ohartzen horrek zer arrisku dakarren; delituan kolaboratzen ari dira, zeharka bada ere», nabarmendu du abokatuak.
«Zorionez» intimitatearen aurkako delituak gehiagotan salatzen direla esan du Garcia de Bikuñak, eta horri esker «balioa eman» zaiola emakumeen sexualitateari eta askatasunari.
Sextinga «ondo egiteko»
Zerbait sarean jartzean, igorleak haren gaineko kontrola galtzen du. Horregatik, Garcia de Bikuñarentzat, ezinbestekoa da sextinga nola egin ikastea, ahalik eta arrisku gutxien izateko. Horren harira, «askatasunez eta ondo egiteko» gomendioak eman ditu Garcia de Bikuñak. Aurpegia eta gorputzeko marka pertsonalak (orbainak, tatuajeak, lepokoak...) ez agertzea; irudiak hondo neutro batean egitea; filtroren bat erabiltzea, azala ilundu ala argitzeko... «Horrela, norbaitek gaizki erabiliko balu, nahiz eta gu garela esan, guk zalantzan jarri ahalko dugu, eta, hala, geure burua babestu», nabarmendu du.
Hori bakarrik ez. Sexologoak azaldu duenez, sextinga egitekotan, guztiz konbentzituta egon behar da. «Neurri guztiak hartuta ere azkenean zabaltzen bada, ziurtatu behar dugu ez garela damutuko: ez orain eta ezta etorkizunean ere». Bestela, hobe da ez bidaltzea. «Sarean publikatzen dugun edozein iruditarako balio du gomendio horrek».
Desioa pizteko praktika atsegina izan daiteke sextinga, betiere indarkeria matxistarekin nahasten ez bada. Teknologia berriek ez dituzte «ideia zaharrak desagerrarazten», nabarmendu du Garcia de Bikuñak: «Zoritxarrez, praktika matxistak arlo analogikoan eta digitalean izaten dira gaur egun».
Desioen estimuluak pantailan
Gizakien desioa eta harremanak garai berrietara moldatuz doaz, eta gozatzeko aukera berriak ekarri ditu horrek, sextinga adibidez. Praktika horrek, baina, alde guztiek konfiantzan adostua izan behar du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu