Aiako Harria atzean, gaua da, eta oinez doaz Ane Rot eta Ainhoa Larrañaga aktoreak; adio esan, eta badoa handik Larrañaga, eta Rot Itziar Atienzarekin hasiko da hizketan. Halako batean, flashback bat, eta Jon Lukas ageri da Roten etxe atarian. Desagertuta telesailaren eszena hori euskarazko bertsioan eta gaztelaniazkoan ikusi ahal izan zen atzo arratsean, Donostian, Crossover jaialdian. Xabi Zabaleta telesaileko gidoilari eta ekoizleak azaldu zuenez, «oso-oso antzekoak» dira euskarazko bertsioa eta gaztelaniazkoa.
Telesailaren zortzi atalak grabatzeko, hamahiru aste behar izan zituzten, baina aintzat hartu behar da sekuentzia bakoitza bi bertsiotarako grabatu zutela: euskaraz eta gaztelaniaz. Halako gutxi egin dira orain arte: Erlauntza filma, kasurako. Desagertuta maiatzaren 22an estreinatuko dute Primeran plataforman, euskaraz. Geroago, Netflixera iritsiko da, euskarazko bertsioan eta gaztelaniazkoan.
Crossover jaialdiko solasaldian, Ane Rot aktorea mintzatu zen. «Euskaraz gozoagoa naiz. Saiatuta ere, hotzago ateratzen zitzaizkidan hitzak gaztelaniaz». Lehen ilaretan zeuden Jon Lukas eta Julen Taboada aktoreak ere. «Gorka Otxoa Netflixek berak proposatu zigun», azaldu zuen Zabaletak. Desagertuta thriller bat da, eta ekoizleak aipatu zuen, hain justu, Otxoak rol dramatiko bat jokatzeko gogoa zuela. Jon Olivares da beste aktoreetako bat, eta Ainhoa Aierbe aritu da aktore zuzendari. Zabaletak haren lana nabarmendu zuen.
Unai Iparragirre ETBko zuzendariak azpimarratu zuen telesail berria «oso egokia eta erakargarria» dela gazteentzat. Iruditzen zaio Pausoka eta Zebra ekoiztetxeek asmatu egin dutela istorioa kontatzeko moduan. Atal bakoitzak pertsonaia baten izena darama, eta pertsonaia horrek Jon protagonistarekin duen harremana jasotzen du. «Lehen minutuan jakingo da Jon protagonista desagertu dela. Eta iraganeko kontuak ateratzen hasiko dira», azaldu zuen Zabaletak.
Nahiz eta zortzigarren atalean istorioa borobiltzen den, Zabaletak zera esan zuen: «Buruan dugu bigarren denboraldia nolakoa izango litzatekeen». Arrakasta handia lortuz gero, beraz, aukera egongo litzateke horretarako.
Crossover jaialdiko lehen eguna amaitzeko, Harkaitz Cano eta Marta Jimenez Serrano idazleek aztergai izan zuten emozioen irudikapenak, askotariko bikote harremanek eta fikziozko produktuek zer rol jokatzen duten irudizko maitasunaren eraikuntzan.

Erakusketa, maiatzaren 1era arte
Jaialdiko lehen egunean, halaber, Caricature Resolution 25: The Series erakusketa inauguratu zuten Santa Teresa komentuan bertan. Josu Marotok, Dei Gaztelumendik, Lindsey Olivaresek, Mikel Anterok eta Unai Gaztelumendik Stranger Things, The Boys, The Walking Dead eta Fallout telesailetako pertsonaiekin egindako karikaturak ikus daitezke Parte Zaharreko eraikin horretan, maiatzaren 1era arte.

Marotok azaldu zuen sarean egiten den mundu zabaleko erronka bat dela Caricature Resolution. «Hilabete batez, 31 pertsonaia proposatzen dira, eta egunero karikatura bat egin behar da». Parte hartu zuen lehen aldian konturatu zen han zela Unai Gaztelumendi, eta harekin harremanetan jarri zen. Iaz, Euskal Herriko bost lagun elkartu ziren karikaturak egiteko; Olivares Kaliforniakoa (AEB) da, baina Nafarroan bizi da. «Aurten bostok saiatu gara erronkari berriz heltzen. Telesailetako pertsonaiak proposatu dituzte, eta, Crossover ezagutzen nuenez, iruditu zitzaidan polita litzatekeela gure lana Crossoverren erakustea», aipatu zuen Marotok. Unai Gaztelumendik esker ona adierazi zion Marotori: «Besteok karikaturak egin ditugu, baina Marotok du meritua hemen, hark antolatu baitu dena».

Karikatura egileek nabarmendu zuten ez dela erronka erraza 31 egunean 31 karikatura egitea. «Baina ariketa gisa polita da. Soluzio bat eman behar diozu irudi bati, eta egunero. Erakusketari dagokionez, estilo desberdintasuna nabarmenduko nuke», esan zuen Marotok. Haren iritziz, erakusketa «oso egokia» da telesailen zaleentzat. Bost egileen karikaturak ez dira soilik Donostian ikusiko: erakusketa Zumarragako (Gipuzkoa) kultur etxean jarriko dute irailean, eta Irunera (Gipuzkoa) ere eramango dute.
Egunotan euskarazko hainbat ekitaldi izango dira Crossover jaialdian: Ikusle Gonbidatua atalean, Mikel Iarza ariko da gaur, eta bere telesail kutunak izango ditu hizpide; bihar, Joseina Etxeberria mintzatuko da; etzi, Elena Caballero La Basu; eta ostiralean, Yurre Ugarte. Gainera, Euskadi Irratiko Baipasa magazinaren Zer ikusi atala Santa Teresa komentuan egingo dute bihar, asteazkena, 17:00etan. Han izango dira Gaizka Izagirre, Eider Saez eta Ibai Zabala, eta gidaria Olaia Urtiaga izango da, ohiko moduan.
Solasaldi guztiak Internet bidez ikus daitezke, bai zuzenean eta bai ondotik noiznahi, Crossoverren Youtubeko kanalean.