Pausoka eta Izen ekoiztetxeek, EITBk eta Netflix plataformak elkarrekin koproduzitu dute Desagertuta telesaila. Aldi berean euskarazko eta gaztelaniazko bertsioak grabatu zituzten iazko udazkenean. Primeran plataforman estreinatu zuten euskarazko bertsioa maiatzaren 19an —galako estreinaldia ere egin zuten Donostiako Viktoria Eugenia antzokian—. Netflixek handik bi egunera estreinatu zuen gaztelaniazko bertsioa: Desaparecido. Eta ikusle askoren arreta bereganatzen ari da telesaila: lehen postura iritsi da fikzioa, bai Primeran-en, bai Netflixen.
EITB taldearen Primeran doako plataforman hasiera-hasieratik jarri zen gehien ikusitakoen zerrendan lehen tokian Desagertuta. Hala jarraitu du ondorengo egunetan, eta aste honetan hirugarren atala estreinatu dutenean ere bai. Bigarren tokian Nerea Aliasen Intimitatean elkarrizketa saioa dago, eta hirugarrenean, Irabazi arte telesaila.
AEBetako Netflix ordainpeko plataforman, berriz, telesaila estreinatu zenean Espainiako zerrendako hirugarren tokian jarri zen. Handik egun batzuetara, bigarren postura igo zen El Legado Espainiako telesaila gaindituz. Egun beretan estreinatu du plataformak Sirens telesail estatubatuarra ere —Julianne More da aktore protagonista—. Eta, hara non, Desaparecido-ren hirugarren atala estreinatu dutenean, gehien ikusitakoen zerrendako lehen tokiraino iritsi da. Sirens da orain bigarren tokian.
Datorren astean estreinatuko dute telesailaren laugarren atala: Javi. Eta atalez atal jarraituko dute ondorengo asteetan ere: astelehenetan Primeran-en, eta asteazkenetan Netflixen. Euskarazko bertsioa iritsiko da Netflixera ere, baina urri aldera, EITBk euskarazko bertsioaren esklusibotasuna baitu.

Aurreneko aldia da ETBren eta Netflixen telesail bat aldi berean euskaraz eta gaztelaniaz filmatzen dutena. Zineman izan da halako esperientziarik; kasurako, Erlauntza filmarena.
Netflixeko aurrekariak
Euskal Herrian filmatu dituzten beste telesail batzuek ere arrakasta handia lortu dute Netflix plataforman. Txintxua Films Gipuzkoako ekoiztetxearen Intimidad telesailak —Itziar Ituño zen aktore protagonista— munduko 58 herrialdetan sartu zen bere lehen astean Netflixen Top-10ean: Amerikako hogei herrialdetan, Europako beste 21etan, Afrikako bostetan, Asiako 11tan, eta Ozeaniako Kaledonia Berrian. Netflixen gehien ikusi zen telesaila bilakatu zen 2022ko ekainaren 13tik 19rako astean, ingelesez besteko fikzioetan.
Aitor Gabilondo donostiarrak sortutako El Silencio telesaila, berriz, 2023ko maiatzaren 22tik 28rako astean mundu osoan ingelesez besteko telesailen artean gehien ikusi zena izan zen. Munduko 80 herrialdetan lehen hamarren zerrendan sartu zen.
Bilbon grabatu zituzten bai Intimidad, bai El Silencio. Desagertuta-ren parterik handiena, berriz, Gipuzkoan grabatuta dago; sarri ageri da Aiako Harria.