'Desagertuta' telesaila grabatzen ari dira, aldi berean euskaraz eta gaztelaniaz

Pausoka eta Zebra Producciones ekoiztetxeen fikzio bat da. Zortzi atalak Primeran eta Netflix plataformetan estreinatuko dituzte, 2025. urtean.

Jon Lukas aktorea, 'Desagertuta' telesailean. PAUSOKA
Jon Lukas aktorea, 'Desagertuta' telesailean. PAUSOKA
urtzi urkizu
2024ko irailaren 17a
11:00
Entzun

Helduentzako telesail gutxi grabatzen dira azkenaldian euskaraz. Baina egunotan bada salbuespenik: Pausoka, AIE eta Zebra ekoiztetxeak Desagertuta telesaila grabatzen ari dira Gipuzkoako hainbat tokitan —euskarazko bertsioa eta gaztelaniazkoa aldi berean—; eta Txintxua Films eta Garabi Films, bestalde, Zeru ahoak telesaila grabatzen ari dira, euskara hutsean.

Desagertuta telesailaren zortzi atalak Gipuzkoako hainbat tokitan ari dira filmatzen. Istorio hau kontatzen du lanak: lagun talde batek gau bat pasatuko du mendian, eta haietako bat desagertu egingo da. Desagertzearen aurretik, Jon gazteak birala bihurtuko den bideo bat jarriko du Interneteko sare sozialetan. Hori izango da utziko duen arrasto bakarra.

Jon Lukas aktoreak jokatzen du protagonistaren rola. Ane Rotek, Ainhoa Larrañagak, Ainhoa Azpitartek, Asier Rikartek, Unai Aranak eta Julen Taboadak jokatzen dituzte beste gazteen pertsonaiak. Telesail arrakastatsuetan lan egin duten beste hiru aktorek parte hartzen dute Desagertuta-n: Itziar Atienzak, Gorka Otxoak eta Jon Olivaresek.

Xabier Zabaleta —Go!azen-en sortzailea eta egitasmoaren arduraduna— eta Marta Grau Rafel — Kataluniako TV3 katearen hainbat telesailetan aritu da gidoilari— dira telesailaren sortzaileak. Biek idatzi dituzte gidoiak, Jesica Aranekin batera. Telesailaren zuzendariak Jabi Elortegi eta Estel Diaz dira. Zabaleta bera ekoizle eragileetako bat da, Juliana Barrera, Itziar Zeberio eta Sara Fernandez-Velasco ekoizleekin batera. Telesaila 2025. urtean estreinatuko dute, Primeran eta Netflix plataformetan. Zortzi atal ditu.

Pausoka ekoiztetxearen fikzioak dira egun ETB1ek ematen dituen beste bi telesail: Go!azen eta Irabazi arte. Pausokarena da Vaya semanita ere —ostegunean itzuliko da ETB2ko programaziora—. Zebra Producciones ekoiztetxea iZEN Newen Studios nazioarteko taldearen parte da —TF1 Frantziako katea talde berekoa da, baita Boca Boca, EuroTV Producciones, Hill Valley, Proima Zebrastur eta Indalo y Media enpresak ere—. Talde horrek ekoitzi ditu El Cid eta Memento Mori telesailak, Amazon Prime Video plataformarentzat.

Ez da Euskal Herrian fikzio baten euskarazko bertsioa eta gaztelaniazkoa aldi berean grabatu dituzten lehen aldia. Hala egin zuen Tentazioak konpainiak Erlauntza filmarekin, 2020. urtean. 1980ko hamarkadan, berriz, hainbat lanetan grabatu zituzten batera gaztelaniazko bertsioa eta euskarazkoa. Telesailetan ez da hain ohikoa izan formula hori, ordea.

'Hondar ahoak'-en jarraipena

Nahiz eta iragarri duten narratiboki modu autonomoan funtzionatzen duela, Zeru ahoak telesaila Hondar ahoak (2020) lanaren jarraipena da. Aurrenekoan bezala, Koldo Almandoz zinemagilea da telesailaren zuzendaria, eta aktore protagonista Nagore Aranburu —Donostiako Zinemaldiko Sail Ofizialean estreinatuko duten Querer telesaileko protagonista ere bada—. Josean Bengoetxea eta Sara Cozar ere ageri dira telesail berrian, 2020an Ondarroan, Bizkaian, girotua zegoen fikzioan bezala. Beste aktore batzuk ere azalduko dira atal berrietan: Miren Gaztañaga, Unai Bages eta Nerea Sanz, besteak beste.

Hondar ahoak telesailak lau atal izan zituen. Eta Zeru ahoak-ek ere lau kapitulu izango ditu, bakoitza 35 minutu ingurukoa. Grabaketak irailaren amaieran bukatuko dituzte. Espero da 2025ean estreinatuko dutela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.