New Yorkeko sagar handia Bruselako txokolateengatik aldatu du Olatz Arrieta ETBko berriemaileak (Donostia, 1971). Martxoaren lehenengotik Europako Batasuneko hiriburuan da. AEBetako berrien ETBko aurpegia izan da orain arte; hamabost urtez New Yorken ibili da, herrialdeko gorabeheren berri telebista zein irrati bidez ematen. Une egokian iritsi da Arrieta Bruselara, krisi ekonomikoa dela-eta gori-gorian baitago Europako Batasuneko agenda. Iritsi bezain laster, Zipreko erreskatean buru-belarri lan egitea egokitu zitzaion.
Zer moduz joan dira lehen asteak Bruselan?
Gustura nabil hemen. Oraindik martxa hartu behar diot Bruselako agendari. Hala ere, Europako Batasuneko erakundeak oso ongi antolatuta daude, hedabideentzat prentsaurreko eta informazio asko ematen baitituzte. Lan dezente izaten da informazio hori guztia irakurtzea minutu batean emateko.
Aldaketa handia izango da New Yorketik Bruselarakoa.
Ikaragarria. New Yorkeko martxarekin alderatuta, ez du zer ikusirik. Dena oso txikia iruditzen zait; gora begiratu, eta zeru asko ikusten da.
Zer dela-eta erabaki zenuen Bruselara lekualdatzea?
Hamabost urteren ondoren, Europara etortzeko gogoa nuen, familiarengandik gertuago egoteko. AEBak oso urruti daude, eta garestia da bidaia. Oso urruti geundela iruditzen zitzaidan. Bruselako aukera atera zenean, berehala eman nion baiezkoa. Europara itzultzeko oso toki ona dela iruditzen zitzaidan, plaza garrantzitsua baita nazioarteko kazetaritzan. Pribilegio bat da hemen egotea.
Hamabost urte atzera, nola iritsi zinen New Yorkera?
Nazioarteko politikan master bat egitera joan nintzen New Yorkeko Unibertsitatera. Hara joan aurretik, urtebete eman nuen ETBn. Horren aurretik, Moskun egon nintzen bi urtez, Euskadi Irratirako eta Egunkaria-rako lanak egiten. Moskuko esperientziaren ondoren, kanpora ateratzeko gogoa are gehiago piztu zitzaidan, eta masterra egiteko lekurik egokiena AEBak zirela iruditu zitzaidan. Ikasi bitartean irratientzako hasi nintzen berriemaile gisa, eta 2000. urtean hasi nintzen telebistarako lanean.
New Yorkeko bizitasun horren falta sumatzen al duzu?
New Yorken estresa badago, baina hiriak energia handia du. Hango energia, jende, ideia eta mugimendu hori, faltan sumatuko ditut. Orain arte oso lanpetuta ibili naiz, eta ez dut falta nabaritzeko astirik izan.
Energia horrek atxiki al zaitu hamabost urtean hirian?
Beharbada bai. Kazetari gisa esperientzia ikaragarria izan da. Albiste garrantzitsuak eta ezberdinak lantzea suertatu zait: ekonomia, gizartea, nazioarteko politika... Oso herrialde plurala da, ezberdintasun ikaragarriak daude estatu batetik bestera; 50 herrialde txiki bezala dira, nahiz eta kultura eta filosofia partekatu. New York, bereziki, toki estrategikoa da, diziplina guztietako jendea joaten da gauza berrienak egitera.
Nola aldatu da herrialdea zu egon zaren hamabost urte horietan?
Asko aldatu da. Nik nabaritutako aldaketarik handiena irailaren 11ren ostean izan zen. Segurtasunarekin tematu egin dira, eta atentatuen beldurrak bultzatuta kalkulu estrategikoak aldatu dituzte. Atzerriko kanpo politika ikusi dugu nola aldatu den: Afganistan, Irak, Guantanamo... Barruan ere aldaketa egon da. Dirutza handia gastatu dute segurtasunean, eta eskubide zibilen alorrean urraketa asko salatu dituzte. Herrialde obsesionatua bihurtu da.
Nola eragin dio obsesio horrek zure kazetari lanari?
Lanean hasi nintzenean, Poliziak ematen zizun prentsa agiria kartoi mehe berde bat zen; argazkia itsatsi egiten zioten, eta zuk eskuz zure datuak idatzi behar zenituen. Irailaren 11ren ondoren, gure aurrekariak ikertzen hasi ziren, argazkiak elektronikoki hartzen zituzten... izugarrizko kontrola dago, eta zaila zen prentsa agiriak lortzea, nahiz eta zuk horretarako eskubidea izan. Batez ere atzerritarrentzat da zailagoa.
Mikel Reparazek ordezkatuko zaitu New Yorken. Zein aholku emango zenioke?
AEBetara doan edonori emango niokeena: aurreiritziak alde batera utzi, eta herrialdeari betaurrekorik gabe begiratzea. Harritzeko gauza asko daude, eta, horretarako, topikoak baztertu eta begiakireki behar dituzu.
Komunikazioa. Olatz Arrieta. ETBko Bruselako berriemailea
«Dena oso txikia iruditzen zait; gora begiratu, eta zeru asko ikusten da»
AEBetako albisteen aurpegia izateari utzi dio Olatz Arrietak. Hamabost urtez New Yorken bizi ondoren, Brusela du orain bizitoki.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu