Pere Freixa. Pompeu Fabra unibertsitateko irakaslea

«Datozen urteetan gakoa izango da hartzailearekin komunikatzen jakitea»

Euskal Herriko Unibertsitateak antolatutako Ziberkazetaritzaren Nazioarteko VIII. Biltzarrean parte hartu du aste honetan Freixak, Bilbon. Komunikazio interaktiboaren abantailez aritu da.

urtzi urkizu
2016ko azaroaren 13a
00:00
Entzun
Arte Ederretan doktorea da, eta Bartzelonako Pompeu Fabra unibertsitateko Komunikazio fakultatean ematen ditu eskolak Pere Freixak (Bartzelona, 1966).

Ziberkazetaritza biltzarrean formatu interaktiboek kazetaritzari eskaintzen dizkioten aukerez hitz egin duzu. Nolakoa izan da kazetaritza interaktiboaren bilakaera azkeneko urteetan?

Lehen urteetan gogoberotuta geunden tresna berriekin. Zoriontsu geunden jostailu berriekin. Lehen fase hori gaindituta dago, eta orain interesa duena da lehen modu tradizionalean kontatzen ziren berriak beste modu batean aurkeztea Interneten. Edukiaren tratamendu berezitu bat bilatzen da, plus bat emango diona. Lehengo gauza bera egiteko ez da justifikatzen egungo garapen berritzaileak erabiltzea.

Zer abilezia ikas daitezke gaur egun kazetaritza interaktiboa egiteko?

Unibertsitateen artean badira arlo teknologikoari lotuago daudenak, eta, horietan, komunikatzaileek programazioa eta web arkitektura ikas dezakete. Diseinuari lotuagoak daude beste ikasketa batzuk. Fakultateetan, oro har, komunikazioaren alorra ari gara lantzen. Egun, kazetaria hartzailearengandik oso gertu dago, eta elkarrizketak sor daitezke hartzaileekin. Estrategia transmediak planteatu behar dira, hartzailea non dagoen jakiteko, eta elkarrizketan oinarritutako formatuak asmatu behar dira. Datozen urteetan gakoa izango da hartzailearekin komunikatzen jakitea. Alde biko komunikazioa baliatu behar da.

Arlo horretan berezitasunik ba al dago Katalunian egiten ari diren saiakeretan?

Ez nuke ezberdintasunik egingo Katalunian, Euskal Herrian eta Espainian egiten ari denaren artean. Europako iparrean ari dira berrikuntza garrantzitsuenak egiten kazetaritza interaktiboan. Berrikuntza horiek erabiltzen ari dira gizarte dinamizaziorako eta elkarrizketa modu berrietan saiatzeko.

Interneteko sare sozialak zer eragin izaten ari dira?

Kazetaritza interaktiboak bi formatu handi ditu: batetik, eduki handiak sortzea, adibidez, igandetako eskaintzekin, eta eremu digitala ondo dihoakio horri. Bestetik, sare sozialetako interaktibitatea dago, unean uneko berriekin, eta hori da benetako iraultza. Bigarren espazio horretan aritzen asmatzen duenak, produktu berriak eskaintzen, lortuko du etorkizuneko hartzaileen elkarrizketak harrapatzea. Errealitate hori hartzen ez dutenak tokiz kanpo ibiliko dira.

Hedabideen negozio eredua, aldiz, ez dago argi arlo digitalean. Zer gertatuko da?

Ez dago argi, hori hala da. Baina The New York Times-ek erabateko apustua egiten du produktu digitalen alde, eta susmoa da hor egon beharra dagoela. Deskubritu behar da zer dinamikak sortzen duten negozioa.

The New York Times saiakerak egiten hasi da errealitate birtualarekin. Etorkizunik badu?

Zuhurra naiz. Kazetaritza digitalean aurrerapena industriak sustatzen duen bakoitzean ispilu efektua sorrarazten du. Euforia une bat dago, baina, ez bada hausnartzen eremu horretan nola komunikatu, ez du balio. Ikusi egin behar da zein kasutan zein albistetan duen zentzua errealitate birtualak. Informazioa kontatzeko ez da oso erabilgarria.

Kalitatezko kazetaritza al da mantendu beharrekoa?

Bai, hala da. Horrek ematen dio prestigioa hedabide bati. Eremu bakoitza ondo baliatu behar da. Adibidez, kazetariak hartzaileei iturriekin komunikatzeko aukera ematen dioten gaiak ondo ari dira funtzionatzen. Artxiboko osagaiak zein ahots asko daudenean, aparta da, hartzaileari material guztiekin komunikatzeko aukera ematen baitiozu. Gazteei gomendatuko nieke proiektuak sortzeko eta proposamenak aurkezteko hedabide enpresei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.