Dantzertiko ikasleak podcast bat egiten ari dira, bi astean behin

EITB Podkast atarian entzun daiteke. Ikasleek esan dute irrati fikzioak irudimena suspertzen duela

Dantzertiko ikasleak audio fikzioak egiten hasi dira EITB Podkast atariarentzat. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
urtzi urkizu
2022ko martxoaren 6a
00:00
Entzun
Eguneroko bizitzan euskara eta gaztelania nahasteak sortzen dizkien albo kalteak modu umoretsuan kontatu dituzte Luix Mitxelenak eta Amaia Iriondok. Herri txiki batetik Bilbora joan dira ikastera, Dantzerti antzerki eta dantzarako goi eskolara. Euskaldunak dira, eta gaztelaniaz egin izan dituzten hanka sartzeak aireratu dituzte antzerki-audio batean. Hori izan zen Dantzertiko ikasleek sortu duten podcastaren lehen atala; EITB Podkast atarian bi astean behin entzun ahalko da. Bigarren atala gaztelaniaz izan da: Sofia Zallio ikasleak egun euritsuei buruz idatzi du, eta ahotsak Zalliok berak, Enara Urrak eta Garoa Bugayok jarri dituzte. Unai Izquierdo eta Olaia Gil Dantzertiko irakasleak dira proiektuaren zuzendariak. Hilean bitan sareratuko dituzte podcastak.

Ikasturtearen hasieran, Dantzertiko arduradunak EITBko zuzendaritzarekin elkartu ziren. Elkarlanen bat adosteaz hitz egin zuten. «Gaur egun beren lehentasunetako bat podcasten sorkuntza eta zabalkundea denez, ildo horretan lan egitea erabaki genuen», azaldu du Izquierdok.

Gilek esan du ikasleek sortzeko «askatasun osoa» dutela. «Gehienetan, interesen arabera batzen dira ideia jakin baten inguruko testu bat lantzeko. Behin prozesua amaitzean, taldeak aldatu ohi dira, sinergia berriei lekua eginez».

Amaia Iriondo ikasleak zera nabarmendu du: «Giro profesional batean trebatzeko aukera eskaini digu podcastak, eta beste aukera profesional batzuk begi aurrean jarri dizkigu». Izan ere, hilean behin EITBko egoitzara joaten dira grabazioak egitera. Gilek aipatu du EITBko irrati estudioetara joatea «oso lagungarria» zaiela. «Ingurumen profesional batean lan egiteko aukera dugu, teknikari profesional batekin».

Ikasleak gidatzeko garaian, bestalde, irakasleek dramaturgiari erreparatzen diote. «Ikasleek irratirako idatzi behar dutela gogoan izan behar dute, horrek dituen berezitasunekin», gaineratu dute irakasleek. «Ondoren, interpretazioan laguntzen diegu: ahoskeran, ahots modulazioan, isiluneak betetzen, eta testuaren kadentzia egokia topatzen».

Gilek uste du ikasleentzat «erronka ezin hobea» dela podcastean parte hartzea. «Mikrofono aurrean jartzean eta beren ahotsa entzutean, kontzienteagoak dira beren tonuaz, proiekzioaz, bolumenez...». Era berean, soinu efektuen eta musikaren bitartez, atmosferak sortzeko «aukera paregabea» dutela aipatu du irakasleak.

Ikasleak gustura daude. Anzhelika Pankovak esan du esperientzia ona izaten ari dela: «Nahi dudana islatzen ikasten ari naiz, eta konturatu naiz ez dela gauza bera irratirako edo antzerkirako idaztea». Estudioan izan zen lehen aldian, mikroa ia jan zuela gogoratu du. «Gehiegi hurbiltzen nintzen. Orain distantziak mantentzen ikasi dut. Isiluneak ahotsarekin betetzen ere ikasi dugu».

«Epe luzerako egitasmoa»

Luix Mitxelena ikasleak, ildo beretik, aipatu du «mundu berri bat» ezagutu duela. «Lehen, ez nuen irratirik ia entzuten. Orain, gero eta gehiago entzuten dut; arreta berezia jartzen dut ahotsetan, irrati fikzioetan...».

Bestelakoa izan da esperientzia Maialen de Pablos ikaslearentzat, aurretik irratian aritutakoa baitzen. «Baina irrati fikzioak askorako aukera ematen du; entzulearen irudimena suspertzen du, eta guk fikziozko mundu hori sortzen lagundu behar dugu». Antzerkia da, baina oholtzarik gabe. «Publikoa itsua balitz bezala da, ez baitugu irudia lagun».

Izquierdo irakasle eta proiektuko zuzendaria «oso pozik» dago podcastak ikasleen artean izan duen harrerarekin. «Zalantzarik gabe, ahotsa eta interpretazioa jorratzeko oso modu interesgarria da. Epe luzerako egitasmoa izan daitekeela uste dugu».

Dantzertiko ikasleek teoria ordu asko izaten dituzte. «Ikasleentzat praktikak egiteko beste modu bat da hau», adierazi du Izquierdok. Izan ere, gradu ikasketetan hainbat praktika ordu egin behar izaten dituzte. Bestetik, irrati fikzioan ematen ari den «loraldia» adi ari da jarraitzen irakaslea. «Aktoreentzat beste lan ildo bat zabaltzen da. Horrelakoak egiten jarraitzea espero dut».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.