«Marka hautsi du Crossover jaialdiak: 1.500 pertsona inguru izan dira aretoetan, 50 gonbidatu, eta 32.000 bisita izan ditu webguneak». Balorazioa egiteko eguna izan da gaurkoa, eta, «jauzi kualitatibo eta kuantitatiboa» eginda, pozik hitz egin dute telesailen inguruko jaialdiaren antolatzaileek: Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuak eta Kultur Factory kultur agentziak. Martxoaren 24tik 29ra egin zuten jaialdia, Donostian, eta jarraipena emango diote apirilean eta maiatzean ere.
Izan ere, apirilean hitzaldiak emango dituzte Gipuzkoako hainbat txokotan, eta maiatzean Desagertuta telesaila estreinatuko dute Donostian —Viktoria Eugenia antzokian emango dute—. Jaialdian «anbizio handiz» lanean aritu direla adierazi zuen Goizane Alvarez Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura diputatuak.
Bestetik, Caricature resolution erakusketa ikusi ahal izango da Donostiako Santa Teresa komentuan maiatzaren 1era arte, eta irailean Zumarragako (Gipuzkoa) Zelai Arizti kultur etxera lekualdatuko dute. Antolatzaileek Elkarrizketak saila ere azpimarratu nahi izan dute. «Hausnartzeko espazio baliagarria da».