Mediaset España taldean hainbat aldaketa izan dira azkeneko urteetan. 2022an, Alejandro Etxebarriak (Bilbo, 1942-Urduliz, Bizkaia, 2024) presidente kargua utzi zuen, eta haren tokia Borja Pradok hartu zuen urte horretako apirilean. Iazko abenduan, ordea, dimisioa aurkeztu zuen Pradok. Mediaset taldeko administrazio kontseiluak Cristina Garmendia (Donostia, 1962) izendatu du asteon presidente. Mediasetek gaur eman du izendapenaren berri.
Garmendiak Biologia ikasketak egin zituen. Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidente izan zen garaian, Zientzia eta Berrikuntzako ministroa izan zen. 2017. urtetik hona, Mediaset taldeko kontseilari independentea izan da, eta enpresaren izendapenen batzordeko eta auditoria batzordeko kidea ere bai.
Bestalde, Garmendia hainbat enpresa eta erakundetako aholkulari izan da: Caixabank bankuko administrazio kontseilukoa, Logista taldekoa —presidenteorde kargua ere bete du—, Ysios Capital Partners-ekoa eta Europako Batzordeko Espazioaren Aholku Kontseiluko kidea.
Mediaset taldeko —Tele5 katea— gidaritzan aldaketa gehiago ere izan dira azkenaldian: Paolo Vasile kontseilari ordezkariak kargua utzi zuen 2022ko abenduan, eta Alessandro Salem da egun kontseilari ordezkaria. Salemen eskua nabaritu egin da Tele5ren eta Cuatroren albistegi berrituetan.