'Correo', 'DV', 'Gara', eta BERRIAko zuzendariek kazetaritza goratu dute

Lau egunkarietako zuzendariak Guardian elkartu dira, Kazetarien Euskal Elkargoak gonbidatuta

Martxelo Otamendi (BERRIA), Jose Miguel Santamaria (El Correo), Iñaki Soto (Gara) eta David Taberna (El Diario Vasco). KEE.
urtzi urkizu
2022ko uztailaren 1a
00:00
Entzun
«Kazetaritza lanaren ofizioa aldarrikatu behar da, gero eta kazetaritza hobea eginez, eta hedabideoi exijitzen zaigun funtzio soziala betez». Hala uste dute El Correo-ko zuzendari Jose Miguel Santamariak, El Diario Vasco-ko zuzendari David Tabernak, Gara-ko zuzendari Iñaki Sotok eta BERRIAko zuzendari Martxelo Otamendik. Lau egunkarietako zuzendariak Guardiako upategi batean (Araba) elkartu zituen asteazkenean Kazetarien Euskal Elkargoak, eta kazetaritzaren erronken inguruan aritu ziren solasean. Laurek bat egin zuten adieraztean «kazetaritza gehiago eta hobea» egin behar dela. Noticias taldea ere gonbidatu zuten, baina taldeko arduradunek ezin izan zuten bertan egon.

Lau egunkarietako zuzendariek antzeko ikuspegia dute: uste dute oraingoz paperean dagoela negozioa, baina, euskarria edozein dela ere, kalitatezko kazetaritzaren alde egin behar dela. Etorkizunari begira, Santamariak nabarmendu zuen «informazio ona» behar dela, horrek denentzat balio duela. «Eta informazio onak dirua balio du».

Sotoren iritziz, euskal prentsan egiten den lana «ona» da: «Gure lana inoiz baino hobeto egiten dugu, baina ematen du gizartean ez dagoela kazetaritzarekiko pertzepzio hori». Santamariaren arabera, ikerketek esaten dute gizarteak gero eta konfiantza gutxiago duela hedabideekin. «Baina nik ez dut hain argi hori horrela denik. Pandemian, esaterako, albiste faltsuak zabaltzen ari zirenean, herritarrak erreferentziazko hedabideak bilatzen aritu ziren informazioa jasotzeko».

Otamendik ohartarazi zuen gezurrak betidanik egon direla, «eta gezur batzuk instituzionalak» izan direla. Tabernaren aburuz, kazetaritzak «informazio ona» eskaini behar du, eta ez die zabalkunderik eman behar informazio faltsuei eta gezurrei.

El País egunkariko zuzendari ohi Antonio Cañok joan den astean sare sozialetan adierazi zuen bere egunkaria saiatu zela saihesten Pedro Sanchezek itun bat egin zezan «populistekin» eta «separatistekin», Espainiarentzat «txarra» izango zelakoan. Gai horrek merezi duena baino «zarata handiagoa» atera duela uste dute lau egunkarien zuzendariek.

Ikus-entzunezkoak, laster

Edonola ere, Otamendik zera ohartarazi du: «Badakigu prentsak eragina duela. Hedabideok beti nahi dugu gure agenda ezarri, eragiteko bokazioa dugu. Hortik aurrera, pentsatu beharko da nolako rola jokatu nahi dugun laugarren botere gisa». Zera galdetu du BERRIAko zuzendariak: «Botere hori nola erabiltzen da arduraz? Zein dira mugak?». Sotoren iritziz, kazetaritzaren prestigioari kalte egiten dioten beste eragile batzuk daude: prentsa kabineteak. «Badirudi horiek kazetariok baino hobeto dakitela zer idatzi behar dugun. Eduki batzuk sortu nahi dituzte, haien agenda saltzeko».

Kazetarien Euskal Elkargoak antzeko topaketa bat antolatuko du Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikus-entzunezko hedabide batzuen arduradunekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.