Teknologia berrien eta Interneten inguruko azken albisteak aztertzeko podcast bat estreinatu du berriki EITB taldeak: Cookie eta kafea. Asier Errastik eta Sara Lanzek gidatuko dute saioa, eta Interneten sortutako teknologia albisteak, istorioak eta gadgetak aipatuko dituzte, modu errazean. Lehen atalean, adibidez, cookieak zer diren azaldu zuten.
EITB Podkast atarian eta audio plataforman entzun ahalko da saio berria. Ostegunero sareratuko dute atal bat —15 minutu ingurukoa—. Solasaldi bat izaten dute Errastik eta Lanzek, kafe baten bueltan. «Teknologiaren eremuan gertatzen dena mundu guztiarentzat kontatu nahi dugu», adierazi du Errastik. Teknologia, pedagogia eta umorea uztartuta, Interneteko kontu konplexuei ikuspegi «atsegina» ematen saiatuko dira. Helburutzat izango dute ezezaguna den horren ulermena erraztea, eta eskura dauden baliabideak aurkitzea.
Ulu Media ekoiztetxeak egiten du podcasta. Ulu Mediaren estudioetan grabatzen dute, Lasarte-Orian (Gipuzkoa).