'El conquistador'-en finalak %24,1eko ikusle kuota izan zuen

ETB2ko 'reality'-ak %20,4ko batez besteko kuota izan du denboraldi honetan EAEn. Jokin Ramosek irabazi du finala, bigarren aldiz irabazi ere.

Jokin Ramos, 'Conquis'-en 20. aldiaren irabazlea. ETB
Jokin Ramos, 'Conquis'-en 20. aldiaren irabazlea. ETB
urtzi urkizu
2024ko ekainaren 26a
05:00
Entzun

ETB2ko El conquistador del fin del mundo saioaren hogeigarren aldia astelehen gauean amaitu zen, eta finala Jokin Ramosek irabazi zuen. Bigarren aldiz irabazi du reality-a —2022an, Ainize Lizarralderekin batera irabazi zuen—. EAEn, finalak %24,1eko ikusle kuota lortu zuen. Datu altua da, baina aurreko lau urteetako finaletakoak baino txikiagoa: 2021eko finalak du orain arteko markarik hoberena (%38,1); 2022ko finalak %28,8ko kuota izan zuen; eta iazkoak, %26,9koa. Aurtengo finala 238.000 herritarrek ikusi zuten uneren batean.

Denboraldiko batezbestekoa %20,4koa izan da hiru probintzia horietan —astero, 198.000 herritarrek egin dute bat ETB2ko reality beteranoarekin—. Jaitsiera nabari da iazko datuekin alderatuz: hemeretzigarren denboraldian, reality-ak %25,2ko batez besteko kuota izan zuen. 13-24 urte arteko gazteen artean, ETB2ko saioak %40ko kuota baino handiagoa izan ohi du.

Patxi Alonsok eta Lur Errekondok El conquistador del fin del mundo-ren azken eztabaida programa aurkeztuko dute gaur, 22:30ean. Bertan jakingo da zein lehiakide den publikoaren faboritoa. Platoan izango dira aurtengo lehiakide gehienak, baita finalistak ere: Jokin Ramosekin batera, Xuban Moral, Andrea Azkune, Anartz Duoandikoetxea, Aritz Zubia eta Javier Adell Lobo. Azken hori bigarren aldiz iritsi da saioaren finalera.

Denboraldi honetan gabezia nabarmen bat nabaritu dute ikus-entzuleek: Julian Iantzirena. Aurreko hemeretzi denboraldietan hura izan zen aurkezlea. Baina TVEko bertsioan ere aurkezle aritu zen Iantzi, eta ETBk erabaki zuen ETB2ko saioan Patxi Alonso jartzea aurkezle —Errekondorekin batera—.

ETBk, bestalde, nabarmendu du saioaren arrakasta nazioartera zabaldu dela. Izan ere, berriki, El conquistador-ek Prix CIRCOM saria jaso du Polonian, entretenimenduaren atalean.

Eurokopako datuak

Egunotan Euskal Herriko ikusle asko ari dira ikusten Eurokopako futbol partidak. Esate baterako, hilaren 20an Espainia-Italia partidak %47,6ko ikusle kuota lortu zuen EAEn; eta Espainia-Albania lehiak astelehen gauean %40,2ko kuota lortu zuen —partida amaieran zela ekin zion ETB2k El conquistador-en finala emateari—. Eurokopako finala uztailaren 14an jokatuko dute, Berlingo olinpiar estadioan.

Kirol emanaldi garrantzitsu gehiago ikusi ahalko dira telebistan datozen asteetan: larunbatean Frantziako Tourra hasiko da —ETB1ek emango du—, eta Parisko Olinpiar Jokoak uztailaren 26tik abuztuaren 11ra bitartean jokatuko dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.