CNN kateak ehun langile inguru kaleratuko ditu

Mark Thompson AEBetako katearen zuzendari eragileak iragarri du lantaldearen %3 lanik gabe geldituko dela. Harpidetza digitalen eredu bat abiaraziko dute.

CNN katearen 43. urteurrenaren ospakizuna, iaz. ERIK S. LESSER / EFE
CNN katearen 43. urteurrenaren ospakizuna, iaz. ERIK S. LESSER / EFE
urtzi urkizu
2024ko uztailaren 13a
05:00
Entzun

Ameriketako Estatu Batuetako CNN informazio telebista katea krisian dago azkeneko urteetan. Askotariko egokitzapenak egiten ari dira, eta Mark Thompson zuzendari eragileak nabarmendu du telebista digitalaren eta adimen artifizialaren aldeko apustua egingo duela kateak. CNNren webean bertan argitaratu dutenez, enpresako ehun langile inguru kaleratuko dituzte (lantaldearen %3). 

Thompsonek azkenaldian behin baino gehiagotan adierazi du enpresak «erabaki drastikoak» hartuko dituela, «katea mundu digitalera egokitzeko» eta «telebista tradizionalak publikoa galdu duelako, streaming plataformen mesedetan». Testuinguru horretan, CNNren asmoa da harpidetza digitalen eredu bat sortzea; kablearen negoziotik aparte jardungo luke. Eredu berri horrekin, Thompsonek espero du konpainiak 920 milioi euro baino gehiagoko sarrerak izatea. Harpidetza formula hori urtea amaitu aurretik abiaraziko dute. Ordainpeko eskaintza horretan, «albiste berezituak, analisiak eta testuingurua, formatu berriak eta esperientzia erakargarriak» izango dituztela esan du Thompsonek.

Adimen artifizialaren erabileraren inguruan, CNNk ez du zehaztasuneko iragarpenik egin. Thompsonek azaldu du edukiak «arduraz» sortzen lagunduko duela teknologiak. Eta teknologia hori hartzaileentzat baliagarria izatea nahiko lukete.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.