Legea urratzen ari da gaur egun RTVE telebista publikoa, baina egoera konpontzeko pausoak ematen hasi da. 13/2022 Espainiako Ikus-entzunezko Komunikazioaren Lege Orokorrak bosgarren xedapen gehigarrian dio 12 urtez azpikoentzat bereziki gomendatutako edukiak katalanez, galegoz eta euskaraz ere eman behar dituela TVEk. Clan haurrentzako kateak ez du halakorik egin orain arte, baina aurten bertan egoera aldatu egingo dela iragarri du Jose Pablo Lopez RTVEko presidenteak. Espainiako Kongresuan, atzo, Lopezek esan zuen Clan katalanez ere ikusi ahalko dela urtea amaitu aurretik, sistema dualaren bitartez —ikusleak gaztelaniazko edo katalanezko audioa aukeratu ahalko du—. «Euskarazko eta galegozko bertsioetan ere lanean ari gara. Kataluniako Generalitatea, Eusko Jaurlaritza eta Galiziako Xunta eskatzen ari ziren hori. Eta saiatuko gara 2025. urtean zehar galegozko eta euskarazko bikoizketak ere txertatzen», adierazi du Lopezek.
Edonola ere, Lopezek nabarmendu du prozesua «mantsoa» dela. «Eta prozesu hori ezin da adimen artifizialarekin egin». Hain zuzen ere, Pantailak Euskaraz mugimenduko bozeramaile Alex Aginagalderen arabera, Eusko Jaurlaritzak duela hilabete batzuk adierazi zuen haurrentzako edukiak adimen artifizialaren bidez bikoiztea zuela lehentasun. «Zorionez, RTVEko zuzendaritzak bere adierazpenen bidez argi utzi du hori gaur-gaurkoz astakeria hutsa litzatekeela». Pantailak Euskaraz-eko ordezkariak, era berean, gogorarazi du RTVEren legezko betebeharra dela Clan katea euskaraz eskaintzea, eta gainontzeko kateetan helduentzako zenbait eduki ere euskaraz bikoiztuta eta azpidatzita eskaintzea.
RTVEko presidenteak agerraldi berean aitortu du euskarak ez duela presentziarik TVEn. «2025. urteak aurrera egin ahala, egindako lanaren fruituak ikusiko dira katalanez, galegoz eta euskaraz. Prozesu bat hasiko dugu gure presentzia euskaraz zabaltzeko, gaur egun hutsala baita».
Aginagaldek uste du abagune politikoa baliatu behar dela: «Espainiako Gobernuaren giltza euskal alderdi politikoen eskuetan dagoen honetan, ikus-entzunezkoetan ere euskaldunon hizkuntza eskubideak bermatzea negoziazioen erdigunean jartzeko eskatu nahiko genieke Espainiako Kongresuan ordezkaritza duten euskal alderdiei».
La2 katalanez?
RTVErekin lotutako beste iragarpen batek oihartzuna izan du aste honetan. Miriam Nogueras JxC Junts per Catalunya alderdiko diputatuak Catalunya Radio irratian adierazi du akordio bat itxi dutela JxCren eta PSOEren artean, eta, horren arabera, bi urteko epean La2 katea «osorik katalanez» ikusi ahalko dela. «Pixkanaka egingo da hori. Baina kontuan hartu behar da telebista eskaintza handia dagoela gaztelaniaz, eta ez hainbestekoa katalanez».
RTVEko presidenteak iragarri du erreforma prozesu bat abiaraziko dutela talde publikoaren lurralde egituran. «Kataluniak Espainiako telebista publikoaren parte dela sentitu behar du», adierazi du Lopezek. Talde publikoaren informazio ofizialak jasotzen duenez, Lopezek «deszentralizazioaren» eta «eleaniztasunaren» aldeko apustua egiten du.
Lopezek 200.844 euroko soldata izango du aurten —iaz, presidentearen soldata 236.167 eurokoa izan zen—. Azaroaren 28an izendatu zuten Lopez presidente.