Ikusle datuak

Buruz buruko finalak %22,7ko ikusle kuota izan zuen; Txapeldunen Ligakoak, %38,6koa

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan La1 izan da maiatzean gehien ikusi den katea. ETB1ek %2,4ko batez besteko kuota izan du.

Jokin Altuna, atzo, finalean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Jokin Altuna, atzo, finalean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
urtzi urkizu
2024ko ekainaren 3a
10:50
Entzun

Jakina da zuzeneko kirol emanaldiek ikusle ugari bereganatzen dituztela, eta hala gertatu da asteburuan ere: larunbat gauean, Txapeldunen Ligako finala jokatu zuten Real Madrilek eta Borussia Dortmundek, eta La1 kateko emanaldiak %38,6ko ikusle kuota lortu zuen Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Atzo arratsaldean, berriz, ETB1ek buruz buruko pilota txapelketako finala eman zuen: Jokin Altunaren eta Unai Lasoren arteko partidak %22,7ko ikusle kuota lortu zuen —euskaldunen artean, %37,8koa—. Hori izan zen egun osoan ikusle kuotarik handiena izan zuen emankizuna. 193.000 herritarrek ikusi zuten pilota partida uneren batean.

Ekaineko lehen bi egunetan izan dira bi kirol emankizun horiek, eta etorriko dira gehiago hurrengo asteetan. Maiatzean, bestalde, ETB1 kateak %2,4ko ikusle kuota lortu du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, apirilean baino hamarren bat gutxiago —2023. urte osoko batezbestekoa %2 izan zen—. ETB2 kateak, berriz, %8,9ko ikusle kuota lortu du; ETB3k aurreko hilabeteetako datu bera izan du: %0,1; eta ETB4k %0,9ko kuota izan du. Atzo, bestalde, egun osoan ETB2 izan zen gehien ikusi zen katea: %10,1eko ikusle kuota.

ETB2ko albistegiek %20,6ko ikusle kuota izan dute maiatzean. ETBn maiatzean ikusle gehien izan zuen emankizuna maiatzaren 15eko Teleberri izan zen: %24,6ko ikusle kuota (157.000 ikus-entzule).

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan La1 izan da maiatzean gehien ikusi den katea, Tele5ren aurretik; lau hamarren atera dizkio TVEko lehen kateak (%10,1) Mediaset taldekoari (%9,7). Urte luzez, Tele5 izan da hiru herrialde horietan gehien ikusi den katea, baina iazko hilabete batzuetan Antena3ek edo La1k hartu zioten aurrea; hala ere, 2023. urte osoa aintzat hartuta, Tele5k lehen tokiari eutsi zion. Soilik Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan da liderra La1. Katalunian, TV3 da gehien ikusten den katea —2011tik maiatzik onena izan du aurtengoa, %15,1eko ikusle kuota lortuta—. Espainiako erkidegoetan eta Galizian, berriz, Antena3 izan da liderra maiatzean.

Egunean hiru ordu

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, herritar bakoitzak hiru ordu eta hiru minutu pasatzen ditu egunean telebista konbentzionala ikusten. Hiru herrialde horietan bizi diren herritar guztiak aintzat hartuta ateratzen da batezbesteko datu hori. Baina herritar askok ez dute telebista konbentzionala ikusten. Hartaz, telebista ikusten dutenen artean, kopurua handiagoa da: egunean 293 minutu, hain zuzen ere. Dena den, azkeneko urtean apaldu egin da telebista konbentzionalaren kontsumoa, eta gero eta gehiago erabiltzen da telebista aparatua beste gauza batzuetarako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.