Bulego musika taldeak Japoniako Osaka, Kyoto eta Kobe hirietan hainbat kontzertu eman zituen urriaren hasieran. Musikariek Asiako herrialde horretan bizi izandako gorabeherak dokumental batean bildu ditu Orio Produkzioak ekoiztetxeak. Eta ETBk gaur estreinatuko du dokumentala, bai ETB1en (22:30), bai Primeran plataforman.
Hiru urteko epean, gorantz egin du Bulego taldeak. 130 kontzertu inguru eman ditu. Nazioarteko lehen birari heldu dio orain taldeak, hiru urtez Euskal Herriko herrietan eta hirietan kontzertuak eman ostean. Erabat ezezaguna zaien publikoaren aurrean jarri ziren Japoniako hirietan. Musikariek une haiek nola bizi izan zituzten jasotzen du dokumentalak. Horrez gain, Bulego taldea osatzen duten taldekideak hobeto ezagutzeko aukera emango du saioak. Japonian bizi izandako pasadizo bitxiak ezagutuko dituzte ikus-entzuleek.
Japoniako hiririk handienetan hirugarrena da Osaka —2,7 milioi biztanle—, eta bertan hasiko dute bira Bulego taldekoek. Euskal musika, hizkuntza eta kultura Japoniako herritarrengana gerturatu zituzten urrian. Bidelagun bereziak ere agertuko dira programan: Yoshitsugu Yamatomoto sukaldaria eta Soh Saito Azkoitiko (Gipuzkoa) euskalduna.
Disko berria kaleratu berri du Bulego taldeak: Aldatu aurretik. Durangoko Azokan erosi ahalko da egunotan disko hori. Japoniako kontzertuak disko berria atera aurreko azkenetakoak izan ziren. Hala ere, ETBko saioa Bilbon urriaren 21ean eman zuten kontzertuarekin amaitzen da; Kafe Antzokia jendez bete zen gau hartan.
Primeran-eko edukiak
Bulego Japonian dokumentalaz gain, Primeran plataformak beste hainbat eduki berri estreinatuko ditu gaur. Tartean da, esate baterako, Urduñatik Castuerara, egia hobitik atera beharra dokumental saioa. Memoria historikoarekin lotutako istorio bat kontatzen du lanak: Bernardo Rodriguez Picon 1938ko gau batean atxilotu zuten frankistek, UGT sindikatuko kidea izateagatik. Kontzentrazio eremu batean sartu zuten, Extremaduran (Espainia). Eta 36ko gerra amaitu zenean, beste berrehun presorekin Urduñako (Bizkaia) kontzentrazio eremura eraman zuten.
Aiko dantza taldearen ikus-entzunezko bilduma berezia ere ikusgai izango da euskal plataforman. Dantza taldearen erreportaje laburrak eta klaseak jarriko ditu ikusgai plataformak. Gainera, Go!azen musikala jarriko dute Primeran-en —Donostiako Kursaalean grabatu zuten, irailean—. Telesailaren orain arteko atal guztiak plataforman daude eskura.
BBK Mendi Film Bilboko jaialdiaren bost lan gaurtik aurrera ikusi ahalko dira Primeran-en: En las últimas fronteras del Planeta: Cerro Torre; ¿Y si te dijeran que puedes?; Laila Peak: la medida de la vida; Piedra de luz; eta Tras las huellas de Shackleton.
Bestalde, Zenith telesailaren lehen bi denboraldiak estreinatuko dituzte —jatorrizko bertsioan, euskarazko azpidatziekin zein euskarara bikoiztuta—. Beste bi telesail iritsiko dira asteon plataformara: Ilunean: krimenaren lorratzean eta Itsuan: krimenaren lorratzean. Marrazki bizidunetan, Go Astro Boy Go saioaren zortzi atalak sareratuko dituzte.