TVEren entretenimendua gaurkotzeko arduraduna

Jose Pablo Lopez RTVEko presidente izendatu dute. PSOEk proposatutako hautagaia izan da, eta Espainiako Kongresuan aldeko 178 boto jaso ditu.

Jose Pablo Lopez RTVEko presidente berria. FERNANDO VILLAR / EFE
Jose Pablo Lopez RTVEko presidente berria. FERNANDO VILLAR / EFE
urtzi urkizu
2024ko azaroaren 29a
11:00
Entzun

Jose Manuel Perez Tornerok 2022ko irailean RTVEko presidente kargua utzi zuenetik, behin-behineko kargua izan da hori Espainiako irrati-telebista publikoan: Elena Sanchez aritu zen lehenbizi, eta Concepcion Cascajosa izan da aurten behin-behineko presidentea. Duela aste batzuk, Espainiako Gobernuak lege dekretu bat onartu zuen, eta horrek aukera eman du presidente berria izendatzeko; izan ere, aurreko legearekin bi hereneko gehiengoa behar zen presidentea izendatzeko, eta ostegunean gehiengo absolutuz —178 boto— onartu zuen Espainiako Kongresuak Jose Pablo Lopez (Sayalonga, Espainia, 1977) presidente izendatzea.

Kazetaritzan eta Zuzenbidean lizentziatua da Lopez. Esperientzia luzea du telebista eta irratietako kudeaketa lanetan. 2005etik 2010era, La Sexta katearen zuzendariaren ondokoa izan zen; 2010etik 2016ra, Trece TV kateko zuzendaria izan zen —aurkezle eta solaskide kontserbadoreak dituelako da ezaguna kate hori—; eta 2017tik 2021era, Telemadrid kate publikoaren zuzendaria izan zen. Kargu horretara lehiaketa publiko bidez iritsi zen, eta PP, Ciudadanos eta PSOE alderdien aldeko botoak jaso zituen. 2021. urtean, Isabel Diaz Ayusok PPrekin gehiengo absolutua lortu zuenean, kargutik kendu zuten.

Handik urtebetera iritsi zen RTVEra. Amalia Martinez de Velascoren hutsunea betez, RTVEko eduki orokorren zuzendari izendatu zuten 2022ko martxoan. Haren ardurapean zeuden ziren albistegiez aparteko TVEko, RNEko eta RTVE Play plataformako edukiak.

Martxoko kargugabetzeak

Lopezekin La1 kateak lortu du Espainian gehien ikusten diren kateetan bigarrena bihurtzea, RTVEk nabarmendutako informazioaren arabera —Euskal Autonomia Erkidegoan La1 da gaur egun gehien ikusten dena—. Era berean, talde publikoak nabarmendu du Lopezen agintaldian berregituratu zutela La1 kateko programazioa goizetan, eta magazinen eta aktualitateko saioen arloan. Baita telesailen eremuan ere.

Edonola ere, entretenimenduan TVEk egin duen apustuak izan du oihartzun handiena: bereziki David Broncanoren La Revuelta saioarekin —gauetan gehien ikusten den saioa da, bai Espainian, bai Hego Euskal Herrian—. Lopezek eta haren taldeak proposatu zuten Broncano Movistar Plus plataformatik fitxatzea. Eta Lopezek berak, ostegunean, hori baieztatu zuen, Vox alderdiaren galdera bati erantzuterakoan: berari esker iritsi dela Broncano La1ra.

Gogoratu behar da Broncanoren fitxaketak folletoi txiki baten trazak izan zituela. Martxoan, RTVEko administrazio kontseiluko bileretan eztabaida eta liskar sutsuak izan ziren erakunde horretako ordezkarien artean. Broncanoren fitxaketaren inguruko desadostasunak ziren tartean; Lopezek berak eta behin-behineko presidente Elena Sanchezek ez zuten ikuspuntu bera. Azkenerako, administrazio kontseiluaren bilera batean Lopez kendu egin zuten eduki zuzendari kargutik; eta bilera berean, Sanchez bera kargugabetu zuen administrazio kontseiluak. Bilera haiek Puerto Hurracoko Plenoak gisa izendatu izan dituzte —1990ean, bi anaiak herri horretako bederatzi pertsona hil zituzten kalean, eta hortik izena—. Zortzi hilabetez RTVEtik kanpo egon ostean, presidente moduan itzuliko da orain Lopez.

Astelehenean hartuko du kargua Lopezek, 17:00etan, Espainiako Kongresuan. Ekitaldi berean hartuko dute kargua RTVEko administrazio kontseiluko beste hamalau kideek ere; tartean da euskaldun bat: Geroa Baiko Maria Solana.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.