Azaroan 11 urte beteko dira Nafarroako, Gipuzkoako, Bizkaiko eta Ipar Euskal Herriko lehen Hitza argitaratu zenetik, baina gaurkoa ere egutegian markatzeko eguna dute: 500. zenbakia atera dute inprentatik. Ostiralero argitaratzen dituzten astekariak dira, eta BERRIA taldearen ekimenez sortu ziren. Araban, Hitza-rik ez dagoen arren, Alea astekaria sortu zuten duela sei urte BERRIAk, Goiena taldeak eta Geu Gasteiz euskara elkarteak.
Urteak dira lehen hazia erein zutela, eta proiektua sendotuz joan da. Ibai Maruri Bizkaiko Hitza-ko zuzendariak nabarmendu du bilakaera bat izan dela: «Hasieran, oso ondo definitu gabe egon ziren, eta apurka-apurka nortasun bat irabaziz joan gara». Hain zuzen ere, lau herrialdeetako Hitz-etako arduradunek azaldu dute erro beretik sorturiko lau adar izan arren bakoitzak bere bidea eta nortasuna garatu duela.
Nafarroako Hitza-ren kasuan, izan zuen aitzindaririk, eta haren lekukoa hartu dute, Edurne Elizondo zuzendariaren hitzetan: «Nafarkaria-ren aitzindaria izanda, bete beharreko hutsune bat zen». Euskarazko astekaria zen Nafarkaria, baina Nafarroako Gobernuak diru laguntzak kendu zizkiola-eta, itxi egin behar izan zuten. «Nafarroako Hitza-k bete du hutsune hori, baina, aldi berean, bere bide propioa ere egin du, zabalagoa ere bai agian».
Bakoitzak bere bidea eginez ere, norabide berean doaz. «Pluraltasun» bat lortzeko ahaleginetan aritzen dira astero, Unai Zubeldia Gipuzkoako arduradunaren esanetan, bai lurraldetasunari dagokienez, baita gaiei dagokienez ere. Halaxe azaldu du Marurik ere: «Badakigu gure gaiak sortzen, agendatik kanpo dagoena lantzen, ahotsik ez dutenei edo herriko eragileei ahotsa ematen».
Bazterreko ahotsen entzule
Egunerokoaren martxa azkarrean ibili behar ez izateak patxada ematen die gaiak hautatu eta sakonago jorratzeko. «Guk aukera handiagoa dugu arlo humanoago hori lantzeko, gauzen atzean zer dagoen ezagutzeko», dio Zubeldiak. Elizondok uste du kazetaritzaren esparruan bide «ederra» egiteko aukera dela: «Opari bat da astero hainbat gai jorratzea eta horiei sakontasun handiagoa eskaintzea». Uste berekoa da Iñaki Etxeleku Ipar Euskal Herriko arduraduna ere. «Beste angelu batzuk» bilatu nahian aritu ohi dira, Ipar Euskal Herriko gizartean dauden eztabaidagaietara hurbilduz, baina «ahots gutxien dutenei» hitza emanez.
Euskaraz bizi den astekari bat izanik, hizkuntzaren normalizazioan ere giltzarria da Hitza, eta betetzen duen funtzioa oso presente du Etxelekuk. Jakitun dago Ipar Euskal Herriko gau eskoletan beren testuak ikasmaterialen parte direla, eta baita euskarazko komunikabideak irakurtzeko ohituren pizgarri ere. Hori horrela, ahalegin berezia egiten dute hizkuntzaren lanketan, eta baita Ipar Euskal Herriko euskal komunitatearen bozgorailu izan dadin ere: «Guk ez badugu egiten, komunikabide erdaldunek ez dute egingo».