Doako aplikazio bat, euskarazko joko bat. Jokalariak egunean behin hamar galdera asmatu behar ditu, ahalik eta denbora laburrenean. Milaka euskaldun harrapatu ditu Codesyntax enpresak sortutako Egunean Behin jokoak. Bost urte ditu, eta datuak ez dira nolanahikoak: hamalau denboraldi egin dituzte, eta 220.000 herritar bihurtu dira jokalari. 160 astean 50 milioi partida baino gehiago jokatu dira Egunean Behin jokoan bost urte hauetan. Urteurren hori ospatzeko, Patxi Huarte Zaldieroa-k diseinatutako elastiko batzuk zozkatu dituzte. Bestetik, jokoaren sortzaileen inguruko galderak sartu zituzten joan den astean.
Josu Azpillaga Codesyntaxeko ingeniaria da. Arrakasta ezustean iritsi zela gogoratu du: «Jokoa martxan jarri genuenean, ez genuen aurreikuspen argirik. Gure zereginetako bat da euskarazko produktuak Interneten ateratzea». Jokalari kopurua handituz joan zen berehala. «Uste genuen bazegoela toki bat sarean euskaraz jolasteko, baina geure buruari ez genion zenbakirik jarri. Jolas mundua oso exijentea da, gainera». Baina berehala konturatu ziren jendeak eutsi egiten ziola jokoari. «Parametro bati begiratu genion: aste batean jokatzen zuten %93k hurrengo astean ere jokatu egiten zuten. Hau da, oso jende gutxik ematen zuen baja». Kopuruak areagotzea ekarri zuen horrek. «Jendea mantentzen baldin bada, ba, jende berria gehitu ahala, taldea handituz joango da». Lehen urtean hazkuntza esponentziala izan zuen jokoak.
Egunean Behin-en jokoaren arrakastan arrazoi bat baino gehiago gurutzatu dela nabarmendu du Codesyntax-eko ordezkariak: «Egunean behin bakarrik jokatzeko ideia hori, mugatze hori, gakoetako bat izan da». Ondotik iritsi dira beste joko batzuk: Wordle, Berbaxerka... «Baina Egunean Behin-ekin gertatzen dena da jendeak jokatzen duela, eta ez dela aspertzen, ez baitio denborarik ematen aspertzeko. Gehiagorako gogoz gelditzen dira jokalariak».
Galesezkoa ondo doa
Arrakastaren beste gakoetako bat taldeen dinamika izan dela argi dute Codesyntaxen. Edonola ere, Azpillagari iruditzen zaio aplikazioen munduan bost urte asko direla. «Interneten, urteak oso bizkor pasatzen dira; aplikazioak eta webguneak azkar zahartzen dira, eta jolas mundua, are bizkorrago. Egunean Behin joko sinple bat da, baina, hain mugatua izanik, jendeari eman dio aukera irauteko». Gaur egun ez dute lehen urteko guztiek jokatzen, baina egunero ari dira herritarrak aplikazioa instalatzen. Jende berriarengana iristen ere ari da jokoa, beraz.
Astero babesleak izateak, bestetik, balio izan dio Codesyntax enpresari jokoarekin irauteko. «Aplikazioak kostu handia du azpiegitura aldetik. Aintzat hartu behar da 20:00-21:00 inguruan herritar askok jokatzen dutela, eta jokoak makina indartsuak behar dituela».
Egunean Behin-en formatuak Euskal Herriko mugak zeharkatu ditu: galesez sortutako jokoa hirugarren denboraldian da. Galesko S4C telebista katea tartean da, eta saio bat egitekotan dira. Egunero 10.000 herritarrek jokatzen dute. «Dinamizatzaileak oso gustura daude datuekin», esan du Azpillagak.
Katalunian, berriz, jokoak ez zuen funtzionatu. «Katalunian ez dugu lortu jokoa bultzatuko duen jenderik». Azpillagari iruditzen zaio aukera egon daitekeela jokoa beste hizkuntza batzuetara esportatzeko. «Baina esfortzu handia da jokoa atera eta dinamizatzea». Hartaz, tokian tokiko komunitateek egin beharko dute dinamizatze eta zabaltze lana. Euskararen munduan, bederen, egin dute tokia sakelakoetan.