1988tik 2000ra, ETBko Kiroletako zuzendaria izan zen Mikel Olazabal (Zarautz, Gipuzkoa, 1961). Arlo berean jarraitu zuen lanean, eta 2010eko uztailean itzuli zen zuzendaritzara.
Datuek diote kirolek ematen diotela ikusle kuotaren zati handi bat ETB1 kateari. Zer iritzi duzu horretaz?
ETBk alor askotan egiten ditu ahaleginak: albistegietan, programetan, kirol emankizunetan... Gaur egun, merkatua zailtasunez beteta dago. Nahiz eta gauza batzuk galdu, beste batzuei eusten saiatzen ari gara. Arlo batzuetan, behintzat, indartsu jarraitzen dugu. Ilusioa dugu, eta gauzak egiteko gogoa ere bai. Txikia denak beste ahalegin batzuk egin behar ditu lehiakor jarraitzeko.
Denboraldi honetan, Espainiako Ligako futbol partiden laburpenak erosi dituzue. Gau askotan Gol festa ematen du ETB1ek. Emaitza onak al ditu?
Futbol mundua asko aldatu da, eta duela hogei urte datuak bestelakoak ziren. Telebista kontsumoa oso sakabanatuta dago, eta futbolak garapen handia izan du ordainpeko telebistan. Argi dugu gure albistegietako kirol tarteak sendotu behar ditugula. Eskertuta gaude etxeak egin duen apustuarekin, eta albistegietan antzematen da. Gol festa-rekin ere hor goaz, poliki-poliki.
Zenbait iturriren arabera, laburpen horien kostua 600.000 euro da denboraldiko.
Zenbakiez ezin dut hitz egin. Konfidentzialtasun klausulak dauzkagu, eta horiek errespetatu behar ditut. Garesti edo merke, oso subjektiboa da. Elefante batzuk dauzkagu konpetentzian, eta horiei aurre egiten ari gara. Apustua hiru denboraldirako egin dugu, dena den.
Emakumezkoen kirola ematen ari da ETB. Nolako iritziak jasotzen ari zarete?
Aurreko denboraldian, aitzindariak izan ginen emakumezkoen futbol taldeen berri ematen, eta beste batzuk urte bat beranduago hasi dira. Eskuak zabalik zituztela hartu gaituzte. Emakumeez eta gizonez era orekatuan berri eman nahi duen apustu bat da ETBrena. Ez da ghetto bat egin behar emakumezkoen kirolarentzat. Atletismo emanaldiak egiten ditugu, gizon eta emakumeekin; gauza bera arraunarekin. Saskibaloia, eskubaloia, gimnastika egin dugu, eta zabalik gaude gauza gehiago egiteko. Batzuei gutxi irudituko zaie duten oihartzuna. Baina, gure datuen arabera, bost urtean hirukoiztu egin dugu emakumezkoen kirolaren presentzia albistegietan eta zuzeneko emankizunetan.
Baduzue emakumezkoen eskubaloi eta saskibaloi partida gehiago emateko asmorik?
Bai, Bera Berarekin orain ari gara hitz egiten. Pausoak eman behar ditugu, eta egutegiak uztartu egin behar dira. Lan izugarria dugu egiteko aurrera begira.
Emakumezkoen pilota txapelketa ere eman duzue aurten. Finalen produkzioa txapelketak berak ordaindu zuen, ezta?
Bai, zati bat bai. Pilota profesionala ez denaren berri emateko eta harrobiko pilota indartzeko, urtean zortzi emanaldi egiteko akordio bat dugu euskal federazioarekin, eta kostu osoa guk hartzen dugu. Emakumezkoen txapelketa ez da sartu zortzi horietan. Edonola ere, gu txapelketa horren sustatzaileetakoak gara. Jarraipena izan dezan nahi dugu.
Saskibaloizaleak, berriz, penaz egongo dira aurten ETB ez delako Euroliga ematen ari.
Orain arte, Baskonia doan ikusten zuten ETBn, eta orain ordaindu egin behar dute. Jendea ez da tuntuna, eta badaki nola aldatu diren eskubideen salmentak. Beste testuinguru batean gaude orain, eta ordainpeko plataformen olatu handi honek aurrean eraman ditu hainbat komunikabide. Gu zutik gaude, borrokan. ACB Liga ere galdu genuen, eta argi dago gure eskaintza apaldu egin dela saskibaloian. Pena dugu guk ere.
Apirilean, Euskal Herriko Itzulia emango duzue. Urteko erronketako bat da, ezta?
Erronka polita da, guk ekoizten dugun seinale hori mundu osoan zabaltzen delako. Euskal Herria marka saltzen dugu horrela. Ez ditugu Tourra egiteko dituzten baliabideak, muga ekonomikoak daude, baina gutxiagorekin gehiago egin behar dugu. Batzuetan huts egiten dugu, eta apaltasun osoz onartu behar dugu. Hala ere, pozik gaude, eta bezeroek ez dute kexarik.
Mikel Olazabal. ETBko Kiroletako zuzendaria
«Bost urtean, emakumeen kirola hirukoiztu egin da ETBn»
Ordainpeko plataformen «olatu handiak» hainbat komunikabide aurrean eraman ditu, eta Olazabalek uste du ETB «zutik» eta «ilusioz» dagoela testuinguru horretan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu