Primeran-ek 100.000 erregistraturen langa gainditu zuen aurreko astean, eta etengabe eduki berriak gehitzen ari da plataforma. Telesailez eta filmez gain, beste hainbat eduki eskaintzen ditu Primeran-ek, eta horren adibide nagusi da gaur streaming bidez plataforman ikusiko dela Dantz Festibalaren emanaldia.
Gaur, Saguesen (Donostia), Dantz kolektiboak bere udako jaialdiaren Point-etako bat emango du. Sarrera doakoa den arren, denak bukatu dira, eta, beraz, Primeran-eko streaminga aukera aparta bilakatu da musika elektronikoa gustuko duen ororentzat. Sagueseko zabalgunean izango da emanaldia, eta lau DJ izango dira musika jartzen: NotEnoughSamples, This Ist, Rat Look eta Elena Barker. Primeran-ekoek adierazi dute ez dela udako emanaldi bakarra izango. Orotara, sei kontzertu eskainiko ditu plataformak streaming bidez, uztailean eta abuztuan. 20:30ean hasiko da emanaldia, eta iluntzeraino iraungo du.
Dantz Point jaialdiarena ez da Primeran-ek iragarritako berritasun bakarra. Kanaldudek ekoitzitako Mintza mus emankizuna ikusgai egongo da gaurtik aurrera. Saio hori otsailean estreinatu zuen Kanaldudek, non zortzi mus bikote elkarren artean lehiatu ziren. Euskal Herriko zazpi herrialdeak eta diaspora ordezkatu zituzten bikoteek. Zazpi saioz osatuta dago Mintza, eta 52 minutukoa da bakoitza. Irabazleek diru sari bat bereganatuko dute, bakoitzak aukeratutako elkarte edo proiektu solidarioarentzat.
Mus emanaldiez gain, bi telesail eta film bat estreinatuko ditu Primeran-ek gaur. Ezkontza baten osteko eszenak Suediako telesailak amodioa, amatasunaren eta aitatasunaren kudeaketa eta tentsio sexuala jorratzen ditu, bi anai-arrebek bikote banandu batekin duten harremana oinarritzat hartuta. Euskarazko azpidatziekin ikus daiteke. 30 minutuko zortzi atalez osaturiko lana da, eta Anders Hazeliusek zuzendu du.
Artisten bizitzak kontakizun
Bigarren telesaila Nola izan Karen Blixen da. Blixen idazle danimarkarraren bizitza kontatzen da Jeanette Nordahlek zuzendutako lan horretan, eta Blixenen askatasun ametsak ere jorratzen dira. Blixenek idazle moduan pasatutako lehen urteak kontatzen dira, Kenyatik Danimarkara itzuli zenean. Danimarkara itzultzean, dena galdu zuen Blixenek, eta, behin etxera iritsita, bere familiaren menpe bizitzera behartuta egon zen. Gaztaroko amets bat berreskuratuta —idazle izatea—, ospe handiko liburuak idatzi zituen urte haietan, hala nola 1937. urtean argitaratutako Afrikako oroitzapenak eleberria. Connie Nielsen aktoreak hartuko du Blixenen lekukoa, haren bizitza interpretatuz.
Azkenik, Munch filma gehituko da Primeran-eko katalogora. Edvard Munch margolariaren bizitza irudikatzen du pelikulak. Suediarraren bizitzako lau zati nabarmen azaltzen dira filmean, haren ikuspegi artistikoa ulertzeko ahaleginean. Henrik Martin Dahlsbakken zuzendariaren lana da Munch. Norvegiarrez eta euskarako azpidatziekin dago eskuragai. 100 minutuko filma da.