Gizartean pil-pilean dauden gaiak erakutsiz, eta haiek kazetaritza ikuspegitik jorratuz, hamar urte bete ditu Kazetaritza, bertatik bertara zikloak. Gasteizen egiten da egitasmoa, abuztuko azken egunetan. Aurten, 26tik 30era iraungo du. Gaur egungo gatazken inguruan eztabaidagune bat sortzea da zikloaren helburua. Eztabaida horiek gidatzeko, kazetaritza munduko hainbat profesional gonbidatu izan ditu Gasteizko Udalak azken urteetan, eta aurten ez da gutxiago izango.
Zikloaren harira, argazki erakusketa bat jarriko dute abuztuaren 20an, eta irailaren 15era arte egongo da ikusgai, Europa biltzar jauregian. Erakusketan, Bernat Armangue fotokazetari katalanaren argazkiak aurkeztuko dira. Armanguek Pulitzer saria bereganatu zuen iaz, Errusiaren eta Ukrainaren arteko gerran egindako kazetaritza lanagatik. Horrez gain, beste hainbat sari jaso ditu, Ekialde Hurbileko gatazkak argazkien bidez berri ematean egindako lanagatik, besteak beste World Press Photo, Robert F. Kennedy Journalism Award eta hiru bider Pictures of the Year International saria.
Armanguek ekingo dio Kazetaritza, bertatik bertara egitasmoari. Abuztuaren 26an, 12:00etan, erakusketaren bisita gidatua egingo du fotokazetariak, eta geroago, 18:00etan, bisita bera egingo da, baina euskaraz,Ura Iturralde fotokazetariaren eskutik. 19:00etan, Armanguek hitzaldi bat emango du, bere lan esanguratsuenak hizpide hartuz. 21:30ean, Florida zinema aretoetan, egitasmoko zinema zikloa hasiko da, Carlota Nelsonzuzendariaren Cristina Garcia Rodero: La mirada oculta dokumentalarekin. Cristina Garcia argazkilariaren ibilaldia kontatzen du ikus-entzunezkoak.
Bigarren egunean, 27an, Mikel Aiestaran kazetariak hitzaldi bat egingo du, 12:00etan: Gazako gorabeherak. Aiestaranek egun bereko 19:00etako mahai inguruan ere parte hartuko du, Victor Amado historialariarekin eta Olga Rodriguez kazetariarekin batera. Ekialde Hurbileko gatazkak izango dira elkarrizketaren gai nagusia. Gauean, 21:30ean, zikloko lehen zineforuma egingo dute. En los márgenes filma ikusi ondoren, Rodriguezek irekiko du foruma.
Paloma del Rio kirol kazetariak hartuko du hitza abuztuaren 28an, Emakumeen kirolaren historia eta haren ikusezintasuna komunikabideetan hitzaldiaren bitartez. Arratsaldean, Javier Espinosa, Ane Irazabal eta Santi Palacios kazetariak, Kazetaritza, bertatik bertara egitasmoaren hamargarren urteurrenari begira, zikloaren ibilaldiaz arituko dira. Ondoren, A 200 metros pelikularekin, aurreko egunean bezala, zineforuma egingo dute, 21:30ean.
Eskuin muturraren gorakada izango da Irazabalek azken-aurreko egunean emango duen hitzaldiaren oinarria. Berriemaileak eskuin muturrak Europan lortu duen nagusitasunaren ondorio eta eraginak jorratuko ditu. 19:00etan, Anna Bosch kazetariak aurten AEBen eta Europaren artean izandako harremanak argituko ditu, Estatu Batuak eta Europa, hauteskunde eta gerrako urte batean mahai inguruan. Agur hater maiteak izango da abuztuaren 29ko filma.
Azkenik, abuztuaren 30ean, krisi klimatikoa izango da protagonista. Gaia kazetaritzaren ikuspegitik nola jorratzen den azalduko du Palaciosek. Prentsa askatasuna atxilo izango da azken hitzaldia, Ebbaba Hameidaren eskutik, 19:00etan. Tindufeko errefuxiatuen kanpalekuan jaiotako kazetaria da Hameida, eta feminismoa eta migrazioa izan dira haren ibilbidearen oinarri nagusiak.