Ezohiko lehiaketa estreinatuko du ETB1ek igandean, Julian Iantzik aurkeztuta. Kalean bertan grabatu dituzte saioak, eta lehiakide bila ere orduantxe aterako dira. Igande iluntzean emango dute lehiaketaren probarako saioa, 21:15ean.
Lehenengo saioa Iruñean grabatu dute, Korrikaren aitzakiarekin. Lehiakideak kalean harrapatzen ditu Iantzik, eta ondoren galderak botatzen dizkie. «Denetariko galderak izango dira, hainbat gaietakoak; zinema, kirola...», azaldu du Iantzik. Hasierakoak errazagoak izango dira, eta zailduz joango dira aurrera egin ahala.
Bost minutu izango dituzte lehiakideek galderen erantzunak bilatzeko. «Erantzun zuzena bota behar dute. Arrastorik ez badute, bost minutu dituzte erantzuna inguruan bilatzeko, kalean dagoen jendeari galdetuz».
Erantzun zuzena emanez gero, saria izango dute lehiakideek. Bestela, zigortu egingo dituzte, aurretik irabazitako euroak kenduz.
Saioaren asmoa jende askorekin lehiatzea da, diru apur bat askoren artean banatze aldera. Lehiaketa ez da amaituko galdera guztiak erantzutean; jarraian, Iantzik proposatutako proba bat gainditu beharko du parte hartzaileak. «Lortutako dirua bikoiztu edo gal dezake emaitzaren arabera». Probak dibertigarriak direla dio aurkezleak: «Txorizo ogitarteko bat ekarri, edo norabait sakelakorik gabe joan eta baten bati eskatuz, niri argazki bat bidali beharko dit».
Lehiakideak hasieran urduri jarri arren ondo pasatzen dutela ziurtatu du aurkezleak. «Hiru kameren aurrean aritzea egoera berria da haientzat. Baina konturatu orduko, bost minutuak pasatu zaizkie». Horixe baita, azken batean, lehiaketaren funtsa: «Ondo pasatzea eta egunerako diru pixka bat irabaztea».
Komunikazioa
'Bost baietz' lehiaketa estreinatuko dute igandean, Julian Iantzi aurkezle duela
Iantzik kalean bilatuko ditu lehiakideak, eta erantzunak aurkitzeko, bost minutu izango dituzte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu