2007an Pilotari telesaileko aktore protagonista izan zen Iñigo Aranbarri (Azkoitia, Gipuzkoa, 1983). Azkeneko urteetan antzezlan ugaritan parte hartu du. Datorren urtean, Xake Produkzioak taldearen Fadoak kantatzen zituen gizona antzezlanean arituko da; lanaren estreinaldia irailean izango da, Tolosan (Gipuzkoa).
Udaberrian eta udan Patria telesailaren grabaketetan aritu zinen. Udazken hasieran, Ihesaldia-n. Aldaketa handia izan al da batetik bestera?
Bai, batik bat denboren aldetik. Asko murriztu dira denborak ETB1eko telesailean, eta horrek ematen dizu arrapaladan aritzeko sentsazioa. Patria-ren zortzi atalak bost hilabetean grabatu genituen; Ihesaldia-ren bostak, berriz, bost astean egin genituen.
Antzerkian aritu zara zenbait urtez. Duela bi urte itzuli zinen berriz ikus-entzunezkoetara. Nolakoa izaten ari da itzulera hori?
Modu naturalean etorri da. Ikus-entzunezkoen kodea ikaragarri gustatzen zait; modu sotilagoan egin beharreko aktore lana da. Oso pertsonala da, nahiz eta grabaketan gero aldamenekoak ematen dizkizun pista asko. Eskaini beharrekoa kontzientzia handiz neurtu behar duzu, sotiletik josten joateko, eta gauzarik txikienak dezente adieraz dezakeela aintzat hartuta.
Ihesaldia-ren kartzelako eszenak Segoviako (Espainia) espetxean grabatu zenituzten. Nolako esperientzia izan zen?
Segoviako ihesa filma ez zen han grabatu, baina benetako ihesaldikoek handik egin zuten ihes. Gaur egun kultur zentro bat da, eta, baimena eskatuz gero, aukera ematen dute bertan grabatzeko. Saiatzen zara preso haien azalean sartzen, eta pentsatzen dut espetxean bizi izandakoak indar handikoak izango zirela. Polita izan zen benetako kartzela batean grabatzea guretzat, edonola ere.
Istorioan kartzelatik kanpo dauden pertsonaien tramak daude. Biak uztartuta ikusleak kateatuko direla uste duzu?
Espero dut baietz. Bertsio ofizialak esaten du presoek ihes egin dutela, eta haien senideek hasieran ez dakite non dauden. Frustragarria izan behar du pertsona horientzat. Senideek ulertu behar dute zer gertatu den, eta, jakiten dutenean espetxean bertan daudela ezkutatuta, beste patxada bat izango dute.
Esan daiteke zuk jokatzen duzun pertsonaia benetako istorioan Patxi Arana ETAko kidea izan zela?
Pentsatzen dut harengan oinarritutako pertsonaia dela. Arana bera pertsonalki ezagutzeko aukerarik ez dut izan. Baina jokatzen ari garen pertsonaiak ez dira benetakoak bere horretan, baizik eta gidoi batean sortu diren pertsonaia berri batzuk dira. Trama asko fikzionatuak dira, baita bigarren mailako pertsonaia batzuk ere.
Zer iritzi duzu ETBk bost atalak errenkadan bost egunetan emateko erabakiaz?
Ikusle moduan, gogoa pizten dit. Egun, zenbait plataformak fikziozko betekadak bultzatzen dituzte denboraldi osoa egun bakarrean jarrita. Bost atalak jarraian emateak ondo funtziona dezake. Ilusioa ematen dit hainbeste denbora atalen zain egon behar ez izateak. Ikusleak nahieran ikusi ahalko ditu gero, gainera.
ETBk iragarri du beste hiru telesail berri egingo dituela datorren urtean, «fikzio soziala» egingo duela. Hautaprobetara aurkezteko asmorik baduzu?
Ez dakit nondik norakoak diren proiektu horiek, baina, aukera ematen badidate pertsonaia baterako proba egiteko, ez dut arazorik izango. Gero ikusi behar ea istorioak konbentzitzen nauen. Hala ere, galbahea aurretik pasatu ohi dute fikzioaren arduradunek.
Euskarazko telesailak itzultzea berri ona da, ezta?
Bai, dudarik gabe. Fikzioa kulturaren parte bat da. Telebista etxeetara iristen da, erosoa da ikusleentzat, eta fikzioa euskaraz izatea herri honi buruzko gauzak kontatzeko aukera bat izatea da.
HBOk iragarri du maiatzean estreinatuko duela Patria telesaila. Irits daitezkeen kritikekin kezkarik ba al duzu?
Alde guztietatik iritsiko zaigu zaparrada. Hein batean ulertzen dut, gainera. Herri honetan min handia dago; oso gogorra izan da gatazka guztia. Kontziente izan behar dugu min handia dagoela,eta alde guztietatik egingo duela euria.
Iñigo Aranbarri. Aktorea
«Bost atalak jarraian emateak ondo funtziona dezake»
ETB1ek 'Ihesaldia' telesaila estreinatuko du gaur, 22:15ean. Kartzelan dagoen ETAko kide baten rola jokatzen du Aranbarrik. Pozez hartu du euskarazko telesailen itzulera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu