Herrialde Katalanetan zale ugari ditu Bola de Drac animaziozko saioak —euskaraz, Dragoi Bola—, eta zorioneko eguna dute gaurkoa. Izan ere, hemendik aurrera 3Cat Interneteko plataforman doan ikusi ahalko dituzte Bola de Drac eta Bola de Drac Z saioen lehen bi denboraldiak. Kontuan hartu behar da saio hori 1990eko hamarkadan eman zuela lehen aldiz TV3 katalanezko kate publikoak.
Baina berrikuntzak ere badira: hemendik gutxira, Bola de Drac Súper saioa —2015etik 2018ra Japonian eman zuten— katalanera bikoiztuta ikusi ahalko da aurrenekoz. Hortaz, 3Cat eta SX3 plataformetan Bola de Drac-en 575 atal jarriko dituzte epe laburrean. Hori lortzeko, akordioa lotu dute 3Catek eta Toei Animation konpainiak. Gainera, akordioaren arabera, katalanezko bikoizketa nazioartean beste plataforma batzuei emateko aukera izango dute.
Euskaraz Dragoi Bola-k bezala, katalanez Bola de Drac-ek sekulako arrakasta lortu zuen 1990eko hamarkadan —orduan ezin zen gaztelaniaz ikusi—. Hainbat belaunaldirentzat katalanezko animearen erreferente izan zen Akira Toriyamak sortutako fikzioa. Bola de Drac berreskuratzea Kataluniako telebista publikoaren estrategiaren barnean kokatzen da; «neska-mutikoei kalitatezko ikus-entzunezko edukiak katalanez eskaintzeko estrategian», alegia, 3Cat-ek jakinarazi duenez.
Ezusterik ez bada, Primeran plataformara Dragoi Bola-ren atalak iritsiz joango dira urtarriletik aurrera. Baina ez dago horren gaineko baieztapen ofizialik.